Martxoan Bertsoa ostiralean hasiko da, txapelketako lehen saioarekin
Lehen kanporaketa Soraluze tabernan jokatuko da, eta finala martxoaren 29an Urretxu-Zumarragako Gaztetxean.

Martxoan Bertsoa ekimenaren 23. edizioa ostiral honetan hasiko da, txapelketako lehen kanporaketarekin. Hurrengo bi kanporaketak martxoaren 7an eta 14an izango dira. Finala, berriz, martxoaren 29an jokatuko da, Urretxu-Zumarragako gaztetxean. Beste bi ekintza ere antolatu dituzte: martxoaren 21eko bertso ikastaro irekia (19:00etan Urretxuko kultur etxean) eta martxoaren 27ko Gerraz bertso jarrien emanaldi musikatua (19:00etan Zumarragako kultur etxean).
Aurtengo taldekako txapelketan bederatzi taldek parte hartuko dute. Horien artean, beti bezala, herrikoak ez diren bertsolariak daude. Otsailaren 28an, Urretxuko Soraluze tabernan, Miletoko Fideua (Jon Mendizabal, Jon Gurrutxaga eta Jorge Andueza Pitu), Ziripoto (Arkaitz Aizpuru, Mikel Iturriotz eta Gorka Santesteban) eta Antzuolako AET (Jon Mata, Aritz Kortabarria eta Alazne Jauregi) taldeek abestuko dute.
Martxoaren 7an, Zumarragako Huts tabernan, Uxurbil (Antton Fernandez, Uxue Fernandez eta Aitor Agirre), Tupis Tupau (Manex Mantxola, Ander Kerejeta Atxun eta Jon Aztiria) eta Pinto Pintto (Amaia Iturriotz, Eli Zaldua, Ekaitz Samaniego, Paula Amilburu eta Xabi Antia) arituko dira.
Azkenik, martxoaren 14an, Zumarragako Urola tabernan, Bertso Olariak (Ane Beloki, Lierni Ugarte eta Jone Narbaiza), Meaka ala Trekutz? (Mattin Aranburu, Martin Sagastibeltza eta Ibai Zabalo Faran) eta Xelebrek (Uhaitz Oiartzabal, Sustrai Goenaga eta Amets Zubizarreta) lehiatuko dira. Saio bakoitzeko irabazlea finalera sailkatuko da. Kanporaketak 22:30ean izango dira eta finala 19:30ean.
Mikel Iturriotz eta Jon Mendizabal bertso eskolako kideek txapelketa ez dutela abesten dutenek bakarrik osatzen gogoratu nahi dute. «Hainbat lagunek parte hartzen dute asteroko lanetan: ekipoa muntatu, gaiak sortu, epaile lanak, gai jartzaile lanak, sare sozialak… Era berean, aurtengo edizioko kartel ederra Maddi Mantxolak egin du, eta ATA harategiak eta UZGA gazte asanbladak ere euren aletxoa jarri dute. Alde horretatik behintzat, Martxoan Bertsoaren osasuna ona da».
Ikastaroa eta musika
Martxoan Bertsoa martxoan zehar egiten duten bertso zikloa da. Indarrik gehien taldekako txapelketak baldin badu ere, beste zenbait ekimen antolatzen dituzte. Aurten, bertso jarrien emanaldi musikatua eta bertso ikastaroa antolatu dituzte. «Gerraz bertso jarrien emanaldi musikatuaren estreinako emanaldia izango da. Negu Hurbilak taldearen eskutik, XX. mendeko gerrei jarritako bertsoak entzungai izango dira Zumarragako kultur etxean, musikak lagunduta. Horrez gain, martxoaren 21ean bertso ikastaro irekia egingo dugu Urretxuko kultur etxean. Herritar oro gonbidatzen dugu bi ekintzetara», aipatu dute.
Bertso ikastaroaren helburua txapelketarako bertsolariak lortzea da. Izan ere, gazteak ez dira txapelketan parte hartzera animatzen. «Zikloak aurtengoa 23. urtea duen arren, azken urteetan belaunaldi berriek taldekako txapelketan parte hartzea asko kostatzen ari zaigu. Horrek antolatzaileok hausnarketa prozesu batean murgilarazi gaitu. Egia da badaudela gurekin beste modu batera lanean dabiltzanak (gai jartzaile, antolakuntza lanetan…), baina uste dugu belaunaldi gazteagoen parte hartzerik gabe taldekako txapelketak zentzua galduko lukeela».
Orain arte gazteenak erakartzeko egin dituzten saiakerek ez dituzte esperotako fruituak eman. «Belaunaldi gazteen parte hartzea bultzatzeko neurri kontzientak hartu genituen (ariketak erraztu, aurrez girotze afariak egin, sare sozialak erabiltzen hasi), baina oraindik ere bertsolarion eta publikoaren arteko distantzia handiegia da. Horrek ez luke hala behar, eta horri buelta eman nahi diogu».
Izan ere, ia edonor txapelketan parte hartzeko gai dela uste dute. «Sinetsita gaude Martxoan Bertsoako oholtzara ia edonor igo daitekeela kantura. Egiazki, horixe da helburua: herriko saltsero eta bertsozale orori lekua egitea. Jende askori entzun ohi dizkiogu ‘ni ez naiz horretarako gai’, ‘ni entrenatu gabe ez naiz hasiko kantuan’, ‘taberna kanpoan bai baina oholtza gainekoa beste kontu bat da’… eta antzerako esaldiak. Jendeari aitzakiak kendu nahi dizkiogu, eta bertso tailerra horretara dator».
Txapelketaren inguruan sortzen den giroa, jendea erakartzeko baliatu nahi dute. «Tailerrak taldekako txapelketaren atseden asteburuan izango du hasiera, eta txapelketa honen inguruan sortzen den giroa aprobetxatu nahi genuke jendea animatu dadin. Bertso tailerrean Martxoan Bertsoan egiten ditugun ariketak landuko ditugu, lagunartean eta giro onean. Gure helburua hilean behineko bertso eskolak egiten hastea da, datorren urteko ekimenak sasoi ona izan dezan».
Etorkizuna
Bestalde, abenduan haurren bertso eskola berriro martxan jartzea lortu zuten. «Bertso eskolak bi erronka nagusi ditu epe motzean: batetik, abenduan berriro abian jarri genuen umeen bertso eskola egonkortu eta indartzea; bestetik, Martxoan Bertsoa ziklora jende berria erakartzea, eta datozen urteetarako katebegi berriak izatea gurekin. Izan ere, hala ez baldin bada, uste dugu ez lukeela zentzu handirik honetan jarraitzeak», amaitu dute.