Martxoa, Goierriko museoen hilabetea
Ataun, Beasain, Idiazabal, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Zegama eta Zeraingo 11 museoak zabalik izango dira martxoko igande goizetan.

Oporretan kanpora joandakoan, ohikoa izaten da museoak bisitatzea, askotan ilara luzeak eginda gainera. Baina, kasu askotan, bertako edo etxe ondoko museoen kasuan, ez da horrelakorik gertatzen. Eta Goierrin, aukera zabala dago, Goierriko kultura eta historia ezagutzeko.
Goiturren 25. urteurrenaren aitzakian, bertakoek bertakoa ezagutzeko Ate Irekiak antolatu dituzte Goiturrek eta Goierri beheko zortzi herritako 11 museoek, Goierriko Museoen Hilabetea antolatuta. Goiturreko Niko Osinalderen esanetan, «helburua oso sinplea da: goierritarrek, etxe ondoan daukatena, ezagutzea». Bisitariak aipatu ditu: «Denok jasotzen ditugu familiartekoen edo lagunen bisitak kanpotik, edo kanpotik datozenek galdetu izan digute museoei buruz. Kanpokoek galdetzen digute, eta gu askotan egon gabe gaude».
Igande goizak
Horregatik, Ataun, Beasain, Idiazabal, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Zegama eta Zeraingo turismo bulegoekin batera erabaki zen ate irekien jardunaldia egitea, eskualdeko ekipamenduak ezagutzeko. Martxoko igande goizak aukeratu dituzte Ate Irekietarako, 11:00etatik 14:00etara. Ez dago izenik eman beharrik