Herri libre baten aldeko dinamika
Gure Eskuk mobilizatzeko deia egin die herritarrei ekainaren 7rako, Bilbon. Goierriko batzordea eratu dute Beasainen eta hurrengo bilera Seguran izango da.

Duela urtebete aurkeztu zuten Herri libre bat dinamika, eta hari jarraipena emanez, ekainaren 7rako mobilizazio erraldoia deitu du Gure Eskuk. «Nazio gisa eskubideak aldarrikatu eta herri oso bat martxan irudikatu nahi dugu, etorkizuna guk geuk erabakitzeko borondatearen erakustaldia izango da. Herri gisa jauzi bat emateko beharra sentitzen dugu, eta horretarako aukerak badaudela uste dugu», adierazi dute Goierriko batzordeko kideek.
Herrialdeko aurkezpen batzarrak egin ondoren, eskualdez eskualde hasiak dira Herri libre bat batzordeak osatzen. Orain, erronka herri guztiak «aktibatzea» izango da. Horretarako, otsailaren 24an Beasainen aurkezpena egin zuten, eta hurrengo hitzordua martxoaren 20an izango da Seguran, arratsaldeko 18:30ean Denon Gelan.
Gure esku dinamikan iraganean aktibatuta egon direnak zein oraindik gerturatu ez direnak dinamikan parte hartzera bultzatu nahi dituzte. «Goierriko herri guztiak martxan jarri nahi ditugu, elkarlana sustatu, ilusioa piztu eta mugimendua sortu».
Subiranotasunaren auzia «agenda politikoaren erdigunean» jartzeko garaia dela uste dute, eta bide horretan, ekainaren 7ko mobilizazioa «bultzada bat izatea» nahi dute. «Herri izaeraz harro dagoen herria gara, zazpi lurraldez osatutako Euskal Herria, horixe erakutsiko dugu ekainaren 7an Bilbon. Zazpi lurraldeetako Euskal Herria erakusteko hitzordua izango da».
Ohiko manifestazio batetik haratago, egun osoko egitaraua eskainiko duen mobilizazioa izatea nahi dute. Dinamika honi bultzada eman nahi dion orok ateak zabalik ditu, eta gogotsu jasoko dute ekimen hau indartzera etorri nahi duen jende berria, gazte zein ez hain gazte. «Herri libre eta burujabe bat lortzera bidean esku guztiak dira beharrezko».