Aske talde feminista, urteetan txikitik eragiten
Martxoaren 8ko mobilizazioa Zaldibiara lekualdatzea «inertziak hausteko aukera» gisa ikusten dute Askeko kideek. Pozik daude hartutako erabakiarekin, «hautatzen den espazioak sinbolismo handia» hartzen baitu halakoetan.

Zaldibian 1980ko hamarkadan sortutako emakume taldearen jarraipena izan da Aske. Damixelak emakume taldea martxan zegoen Zaldibian urte haietan, eta ekintza ugariren bidez emakumeen eskubideei buruzko sentsibilizazioa zabaldu zuen. «Zabalpen nabaria» izan zuen arren, ekintza gutxiagoko urteak bizi izan zituen, eta 2013an, errelebo moduan, «gaztetxeko neska gazte batzuekin batera antolatu zen Martxoaren 8a». Beranduago, 2014-15ean sortu zuten Aske Talde Feminista, neska gazte talde bat elkartu eta horiek sustatuta. «Ibilbide gorabeheratsua» izan duela adierazi dute Itsaso Urretagoiena eta Maixa Nazabal bertako kideek.
«Gizartearen beharrei erantzuteko» eta zabaldu nahi zituzten mezuak herritarrengana «errazago iristeko» sortu zuten taldea, izan ere, herrian halako talde feminista bat antolatuta izateak gizartearen beharrak pertsonifikatzea ahalbidetzeaz gain, gertakariak hurbilagotzat hartzea ahalbidetzen duela nabarmendu du Urretagoienak: «Data esanguratsuak iristean borrokarako beharra dagoela gogorarazten du eta herrian bertan gertakariren bat gertatzen denean, berriz, erantzutea eta ahotsa altxatzea».
Borroka soziala
Taldearen sorreran hiruzpalau helburu finkatu zituztela adierazi du Nazabalek: batetik, «gune seguru bat» sortzea, bertako kideek euren kezkak partekatu eta elkarrekin hausnartzeko aukera bermatuta; bestetik, «feminismoaren ikuspegia herriko agendara ekartzea», horretarako ekintza puntualak antolatuta; baina ez hori bakarrik, «aldarrikapenak lortzeko sare bat» sortzeari ere berebiziko garrantzia eman diote, eta horretan aurrera egin dute azken urteetan. Hori guztiari gehitzen zaizkio eskualdeko beste talde feminista askorekin batera aurrera eramandako arazo sozialen aurkako borrokak: indarkeria matxista, zaintza sistema, arrazakeria…
Aniztasun falta
Gaur-gaurkoz, zortzi kidek eusten diote taldeari Zaldibian, nahiz eta badiren une puntualetan gerturatzen diren pertsonak ere. Belaunaldien erreleboan, baina, kideek aitortu dute gazteen parte-hartzea «galtzen» ari dela; erronka handia da haientzat gazteak zein jatorri ezberdinetako emakumeak taldera erakartzea: «30 eta 67 urte bitarteko emakumeak gaude, baina 30 urtetik beherako gazteen artean ez da belaunaldi aldaketarik eman».
«Mugimendu sozialak eta aldarrikapenak gure eguneroko bizimoduan txertatzea ez da erraza, baina hori ez da soilik herri txikietan gertatzen den errealitatea»
Itsaso Urretagoiena. Aske taldeko kidea
Nazabalen hitzetan, unibertsitateko edo bestelako espazioetako mugimenduak «erakargarriagoak» egiten zaizkie gazteei, baina herri mailan, parte-hartze hori murrizten dela ikusten du, batez ere ikasketengatik eta erosotasunagatik herritik joan behar izateak «herriko mugimendu sozialetan eta bestelako espaziotan txertatzea zailtzen» duelako. Faktore hori Zaldibian bereziki nabaria dela aitortu dute.
Taldearen berraktibazioa
Azaroaren 25eko eta Martxoak 8ko aldarri egunetatik harago, urtean zehar bestelako zenbait dinamika antolatzen dituzte: amatasunari buruzko kafe-tertuliak, idazle feministak gonbidatuta eginiko irakurketa saioak eta bestelako ekitaldi puntualak. Taldearen jarduna, gainera, «elkarlanean» oinarritzen dela ziurtatu dute, herri txikietan «sare-lana egitea errazagoa» delako; udalarekin, eskolarekin, berdintasun teknikariekin eta bestelako talde eragileekin bideratzen dute haien elkarlana, eta «taldearen beharren eta interesen araberako proposamenak» gauzatzen dituzte, ikuspegi feminista txertatuta.
Badute, gainera, «iraunkorra» den bide-orri bat ere: astero-astero erritmo-kirol saioa egiten dute taldeko bi kidek modu boluntarioan gidatuta. Saio horietan elkarrekin kirola egiteko 30 emakume zaldibiar elkartzen direla adierazi du Nazabalek. Azken urteak, gainera, «oso mugituak» izan direla nabarmendu du, batez ere Greba Orokor Feminista eta zaintzaren inguruan egindako lanketak zein diagnostiko ezberdinak tarteko. Horrek taldea «berraktibatzen» eta herrian «aktibitate konstanteago bat» martxan jartzen lagundu duela ziurtatu du.
Herri txikien hurbiltasuna
Diotenez, herri txiki batean halako talde bati aktiboki eustea «ez da gainontzeko lekuetan baino bereziki zailagoa». «Mugimendu sozialak eta aldarrikapenak gure eguneroko bizimoduan txertatzea ez da erraza, baina hori ez da soilik herri txikietan gertatzen den errealitatea», adierazi du Urretagoienak. Herri txikiek, batetik, zailtasunak izan ditzaketela onartu dute, baina bestetik, euren ustez, badituzte zenbait erraztasun: «Bertako egitura sozialak loturak sortzen, saretze hori ahalbidetzen eta jende ezberdinarekin harremanak izaten laguntzen du». Taldearen ustez, feminismoaren borroka «leku guztietan da beharrezkoa», herri txikietan zein hiriburu handietan, «denetan baitago zer aldatu».
«Espazio guztiak aldatzeko momentua iritsi da, ikuspegi feminista ahalik eta jende gehienarengana irits dadin»
Maixa Nazabal. Aske taldeko kidea
Oztopoak oztopo, «elkarrekin lanean jarraitu» behar dutela nabarmendu du Urretagoienak: «Taldearen batasuna sustatzea, elkarren arteko ulermena indartzea eta ezberdintasunetatik ikastea dagokigu». Are, Nazabalek badaki taldea aktibo mantentzea «posible» dela, betiere «kide bakoitza hausnarketara eta aldaketara bideratzen bada». Izan ere, gehitu du feminismoaren borroka egunerokoan, etxean, lanean eta kalean lagunartean ere «presente» egon behar duen pentsamendua dela.
Aldarriak Zaldibiara
Zaldibiarrek «positiboki» baloratzen dute mugimendu feministaren aldarriak aurtengoan Zaldibiara eramateko apustua egitea; diotenez, hautatzen den espazioak berak «sinbolismo handia» du halakoetan, eta bide batez, «inertziak hausteko aukera» ematen duela. Nazabalek dio aldaketa behar duten gaiak «toki guztietan» daudela: «Espazio guztiak aldatzeko momentua iritsi da, ikuspegi feminista ahalik eta jende gehienarengana iritsi dadin».