Hiru mobilizazio nagusi Goierrin Martxoaren 8an
Goierriko Koordinadora Feministak Zaldibiako manifestaziora joateko deia egin du, Urola Garaikoak elkarretaratzea egingo du Urretxu-Zumarragan eta Goierriko Itaiak Beasainen du hitzordu nagusia.

Tokian tokiko talde, elkarte edo erakundeek antolatutako ekitaldiez gain, hiru izango dira bihar, martxoaren 8an, Goierrin egingo diren mobilizazio nagusiak.
GOIERRIKO KOORDINADORA FEMINISTA (Zaldibia, 12:30)
Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak lelopean aterako dira kalera Goierriko Koordinadora Feministak deituta, bihar, Zaldibian, «emakumeek, transek eta bollerek jasaten dituzten zapalkuntzak» salatzeko. 13:00etan ekitaldi politikoa egingo dute, herriko plazan.
Berrikuntza nagusiena topalekua da; Beasainen, Lazkaon eta Ordizian egin izan dira Martxoaren 8ari lotutako Goierriko mobilizazio nagusiak. Aurtengoan, baina, Zaldibiako plazatik abiatuko dira 12:30ean, «erosotasunetik irten, inertziak apurtu eta herrien arteko saretzea indartzeko».
Goierriko Koordinadora Feministak hala eskatuta, Lurraldebusek zerbitzu bereziak jarriko ditu bihar. Zerbitzu horiek 10:40an, 11:20an eta 12:00etan abiatuko dira Beasaingo Renferen geltokitik, 10:50ean, 11:30ean eta 12:10ean geldituko dira Ordiziako Renferen geltokian, eta 11:00etan, 11:40an eta 12:20an iritsiko dira Zaldibiara, Bilore lantokia zegoen parera. Itzultzeko ordutegia hau da: 13:30ean, 14:00etan eta 14:40an irtengo dira Zaldibiatik, eta 13:40an, 14:10ean eta 14:50ean geldituko dira Ordizian, eta 13:50ean, 14:20an eta 15:00etan iritsiko dira Beasainera. Bestalde, herri sarreretan aparkalekuak egokituko dituztela esan dute.

Goierriko Koordinadora Feministaren deialdiarekin bat eginez, Beasaingo zutabea Lazkaora iristen.Aimar Maiz
UROLA GARAIKO KOORDINADORA FEMINISTA (Urretxu-Zumarraga eta Legazpi, 12:30)
Faxismoaren kontra ausardia eta aliantza feminista! lelopean kaleak hartuko dituzte Goierri garaiko herritarrek, Urola Garaiko Koordinadora Feministak deituta.
Aurtengo Martxoaren 8ari begira, egitarau betea antolatu dute. Urretxun eta Zumarragan, 10:00etan, merchandising salmenta eta pankartak egiteko espazioa izango da Emakumeen plaza. 12:30ean, Martxoak 8ko ekitaldia eta elkarretaratzea egingo dituzte. Arratsaldean, berriz, Gaztelekuan jarraituko du aldarriak. 19:00etan irekiko dituzte ateak, eta ondoren DJ Azkura, Ofensa eta Siwanabaren kontzertua izango da.
Legazpin ere izango da aldarrira batzeko aukera. Aurten, Euskal Herri plazan deitu dute elkarretaratzea, 12:30ean. Aurretik, konpresa eta tanpoi bilketa egingo dute bertan, egoera zaurgarrian dauden emakumeen artean banatzeko. Elkarretaratzearen ondoren, hamaiketako komunitarioa egingo dute. Legazpiko Asanblada Feministako kideek ipiniko dute janaria, baina edonork eraman dezake jatekoa.

Martxoaren 8ko manifestazio bat Urretxu eta Zumarraga kaleetan.Asier Zaldua
GOIERRIKO ITAIA (Beasain, 19:00 eta Legazpi, 20:00)
«Emakumeen aurkako ofentsiba ekonomiko eta kulturala areagotzen» ari delakoan, Martxoaren 8an mobilizatzeko deia egin du Itaia emakumeen antolakunde sozialistak. Azaldu dute «nabarmen» zabaltzen ari direla «emakumeen aurkako jarrerak», eta, gainera, «nabarmen okertzen ari direla andre langileen lan eta bizi baldintzak». Horren ondorioz, uste dute «kalera ateratzeko garaia» dela horri guztiari aurre egiteko.
Azken asteotan zenbait asanblada egin dituzte eguna antolatzeko eta indarkeria matxistaren aurkako kontzientzia zabaldu eta erantzun bat antolatzeko. Legazpiko Gaztetxean, gaur, 19:00etan, jarrera matxisten eta erreakzionarioen aurka antolatzeko beharraz eta egungo egoeraz hausnartzeko hitzaldia izango da, Martxoaren 8a borrokarako egun bezala baliatzearen garrantzia azpimarratuta; ondoren, aisialdirako eskaintza egongo da; larunbatean, berriz, eskualdeko bi mobilizazioak izango dituzte. 19:00etan udaletxeko plazatik abiatuko da aurrenekoa Beasainen, eta 20:00etan Paso Txominetik, bigarrena, Legazpin. Bietan, Matxismoaren aurka emakume langileok lehen lerrora izango da leloa.

Goierriko Itaiaren Martxoaren 8ko manifestazioa, iaz, Beasainen.