'Made in Goierri' zikloko lehen hitzaldia, turismo zientifikoaz
Martxoko lau ostiraletan hitzaldiak antolatu ditu Lemniskata Zientzia Sare Herrikoiak Beasaingo Igartzako jauregian.
Gaur hasiko da Lemniskataren Made in Goierri zikloa, Teresa Cruzen Turismo Cientifico hitzaldiarekin. Igartzako jauregian da, 19:00etan. Teresa Cruz nafarra Andaluziako Juntako Descubre Fundazioko zuzendaria da, «gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den turismo zientifikoan aditua». Astroturismo eta Turismo Zientifikoko Lerin, Tierra Estrella proiektuaren sustatzaile eta bultzatzailea ere bada.
Beste hiru hitzaldi
Made in Goierri zikloaren barruan, beste hiru hitzaldi ere izango dira Igartzako jauregian, eta Goierriko hiru enpresa gertutik ezagutzeko aukera izango da. Martxoaren 14an, Hineko Manu Egañak eta Mikel Arrizabalagak Hine. 50 urte eta eboluzioa izango dute hizpide. Hilaren 21ean, berriz, Lortekeko Itsaso Bolinaga Saldañak, Lortek. Zer da eta zer egiten du gaia jorratuko du eta martxoaren 28an Iparragirre Eraikuntzako Patxi Albisu Estensorok Iparragirre. 75 urte.
Erakusketa
Bestalde, XI. Lemniskata Nazioarteko Matematika Argazki lehiaketako aukeratuen erakusketa Lazkaon dago martxoaren 14ra arte, kultur etxean.













