Emakume langileak "lehen lerrora" deitu ditu Itaiak
Emakume Langileen Nazioarteko Egunaren izaera iraultzailea berreskuratzeko beharra jarri du mahai gainean aurten ere Martxoaren 8an.

Goierriko Itaia Beasainen eta Legazpin mobilizatu da. Beasainen egin du manifestazioa aurrena, eta Legazpin gero. Gora emakume langileon borroka eta emakume langile ez zaitez makurtu izan dira manifestazioan zehar egindako aldarriak.
Aurten ere Emakume Langileen Nazioarteko Egunaren izaera iraultzailea berreskuratzeko beharra azpimarratu du Itaiak. “Azken hamarkadetan, estatuko instituzioek beraien aurpegi zuriketarako erabili dute Martxoaren 8a. Ohikoak bihurtu dira berdintasunaren aldeko aldarriak alderdi politikoen mitinetan zein enpresaburuen agerraldietan“, adierazi zuen Itaiak mobilizazioen berri emateko agerraldietako batean. “Kapitalismoaren babesleek ez dute inolako intentziorik emakume langileok bizi dugun zapalkuntzarekin amaitzeko”.
Era berean, “azken hilabeteetan areagotzen ari diren ideia eta jarrera erreakzionarioen eta matxisten aurkako borrokan, emakume langileak lehen lerroan” jartzera deitu dute. “Ideia erreakzionario eta faxisten aurka, lan eta bizi baldintza duinen alde eta emakumeak sexu objektu bihurtzen dituen industria kulturalaren aurka, inolako zapaluntzarik gabeko gizarte baten alde” mobilizatu da Goierrin ere Emakumeen Antolakunde Sozialista.
- Itaiaren manifestazioa Beasainen.