Zaintzaren Ibilbidea egin dute Zegaman hogei bat lagunek
[ARGAZKIAK ETA BIDEOA] Zaintzaren mapan oinarrituta sortu dute ibilbidea. Hamabi gune ditu, baina gaur seitan egin dituzte geldialdiak.

Martxoak 8 Emakume Langileen Nazioarteko Egunez, Zaintzaren Ibilbidea egin dute Zegaman hogei bat lagunek. 11:00etan udaletxe parean elkartuta hasi dute ibilbidea. Farapi elkarteak herriko zaintzari buruz egindako lanketa batetik abiatuta, herriko zaintzaren mapa osatu zuen Zegamako emakumeen taldeak, eta mapa horretan oinarrituta osatu dute ibilbidea. Hamabi gune ditu: udaletxea, liburutegia, plaza, osasun zentroa, eguneko zentroa, herriko merkataritza, farmazia, parlamentua, frontoia, gaztelekua, jubilatuak eta paseorako elkartzen direnak. Gaur, baina, horietako seitan egin dituzte geldialdiak.
Udaletxe parean bertan, bertso bat kantatu dute abiatu aurretik, udaletxeko langileei keinu eginez. Ondoren, 0sasun zentrora joan dira, eta bertan zaintza fisikoa eta mentala izan dituzte hizpide bertako langile batekin. Parlamentua izan da hurrengo geltokia; adineko emakumeen bilgunea parlamentua, emakumeak bertan elkartzen dira haien bizipenak kontatzeko eta hizketaldi momentu bat edukitzeko. Coviranera abiatu dira ondoren, eta hortik frontoira. Ibilbidea udaletxeko plazan amaitu dute, Pascuala Legorburu omenduta eta beste bertso bat kantatuta.