Zaldibiako kaleak hartu ditu faxismoaren aurka aliantza feministak eraikitzeko aldarriak
[ARGAZKIAK ETA BIDEOA] Goierriko Koordinadora Feministak deituta, ehunka herritar elkartu dira Zaldibian Martxoaren 8ko manifestaziora, Euskal Herriko Mugimendu Feministarekin bat eginez, 'Faxismoaren kontra ausardia eta aliantza feministak' lelopean.

Zaldibiako kaleak hartu ditu faxismoaren aurka aliantza feministak eraikitzeko aldarriak. Goierriko Koordinadora Feministak deituta, Zaldibian elkartu dira eguerdian ehundaka herritar, Faxismoaren kontra ausardia eta aliantza feministak lelopean, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren aurtengo aldarriekin bat eginez. Emakumeen Nazioarteko Eguneko eskualdeko koordinadoraren mobilizazioa Beasainen, Lazkaon eta Ordizian izan da aurtengora arte; topalekua aldatu dute, “erosotasunik irten, inertziak apurtu eta herrien arteko saretzea indartzeko”.
Autobus zerbitzu bereziak zeuden gaurko egunez Ordiziatik eta Beasaindik Zaldibiara joateko. Jendez lepo iritsi dira Bilore ingurura autobus horiek, eta gainera, eremu horretan bertan, autoz joan direnentzako aparkalekuak egokitu dituzte. Hala, 12:15erako Zaldibiako plaza goierritarrez beteta zegoen, eta 12:30ean hasi dute manifestazioko ibilbidea plazatik bertatik. Arresenetik, bariantea hartu eta Biloreko errotondatik berriz herritik barrena plazara iritsi dira. Bertan, 13:00ak inguru, ekitaldi politikoa egin dute.
Emakumeek, transek eta bollerek jasaten duten zapalkuntza salatu dute koordinadorako bozeramaileek irakurketan, baita “zapalkuntza mekanismo berriak” ere: “Eskuin muturraren, faxismoaren eta jarrera erreakzionarioen gorakada ikusten dugu hainbat esparru eta sektoretan; sare sozialetan, prentsan, kalean, diskurtsoetan, proposamen politikoetan…”. Gehitu dute ez dela “urrutian geratzen” den zerbait: “Ezkerreko sektore batzuetan ere ari gara ikusten feminismoarekiko kontrakotasuna eta diskurtso arrazisten gorakada. Horrek guztiak emakume, trans eta bolleron zapalkuntza eragiten du batez ere”. Ezkerreko borroka erdigunean jartzeko deia egin dute, “feminismo antiarrazista, antikolonialista, antikapitalista eta antiklasista” erdigunean jarriz, eta indarkeria matxistaren aurkako borrokan jarraitzekoa ere. “Krisi ekosozialari aurre egin eta migrazio politikak aldatu behar ditugu”. Mundu mailan botereguneek “indarkeria poliziala eta gerra” erabiltzen dutela salatu eta gatazka eta gerretan murgilduta dauden herriei “herri babesa eta elkartasuna” adierazi diete, baita “guneetan zein espetxeetan” emakumeek jasaten duten indarkeria matxista gogora ekarri ere. Horregatik guztiagatik, “aliantzak eraikitzearen garrantzia” azpimarratu dute.
Emanaldi kulturalak ere izan dira. Zaldibiako Iztueta taldeko dantzariek Neomaken AIOIAI dantzatu dute, Ximurrak Xamur adineko emakumeak ahalduntzeko programako ordezkariak zaintzaren inguruko ipuin bat irakurri du, zaldibiarrez osatutako musikari talde batek ETSren Abuela Maitea abestu eta jo du, eta Aske taldeko Oihane Etxeberriak bertso bat kantatu du. Gora borroka feminista! oihuarekin amaitu da mobilizazioa Zaldibian.











































































































































