Ekain Imaz, partidako jokalari onena
Beasaingo errugbi jokalariak bere lehenengo bi entseguak lortu ditu ProD2 mailako Biarritz Olympique taldearekin. Igandean Europako finala jokatuko du Espainiako selekzioarekin Georgiaren aurka.

Ekain Imaz Agirrek (Beasain, 2002) ez du berehalakoan ahaztuko joan den ostiralean egindako balentria. Frantziako bigarren mailan –ProD2– lehiatzen den Biarritz Olympique taldearekin bere bi lehen entseguak lortu zituen. Partidako jokalari onena ere izendatu dute, eta Midi Olimpique Frantziako errugbiko aldizkari espezializatuak, Prod2 mailako asteko hamabostekorik onenean sartu du.
Bigarren lerroko beasaindarrak 53 minutu jokatu zituen Akizeren (Dax) aurkako partidan, eta 34-33 irabazi zuten. Bi entseguz gain, zortzi plakaketa ere egin zituen. Hamaseigarren minutuan lortu zuen lehen entsegua (5-10), gero hamar minutuz aulkian egon zen txartel horia atera ziotelako, eta itzuli zenean bigarrena egin zuen 30. minutuan.
Imazek 2022-2023 denboraldian egin zuen debuta Biarritzekin. Aurtengo hamalau partidatan hartu du parte, eta 574 minutu jokatu ditu. Ordizia Rugby Elkarteko harrobiko jokalaria da.
Europako finala igandean
Bestetik, Europako finala jokatzeko deialdian sartu du Espainiako Selekzioak. Igandean dute partida, Tiblisin, Georgiaren aurka.
Horrez gain, 2027an Australian izango den Munduko Koparako sailkapen partidetan lehiatu da aurten. Espainiak sailkapena lortu du.
View this post on Instagram