Ordizia-Zaldibia bidegorria, berridazte prozesuan
Gipuzkoako Batzar Nagusiek Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu diote bizikleta bideen plana betetzeko, eta lanak aurten bertan hasteko. 2010eko irailean inauguratu zuten Ordizia-Zaldibia bidegorriaren lehen fasea. Orkliraino iristen da.

“Berridazte prozesuan” dagoela, horixe da oraingoz Zaldibiako alkate Ioritz Berrak Ordizia-Zaldibia bidegorriaren bigarren faseari buruz esan dezakeena “Ingeniaritza bat ari da lan hori egiten”, azaldu du.
Azken egunetan gaia aireratu da berriz. Mikel Lezama PPren Gipuzkoako batzarkide bakarrak otsailaren 4an Ordizia eta Zaldibia lotuko dituen bide berdea gauzatzeko ebazpen proposamen aurkeztu zien Gipuzkoako Batzar Nagusiei, eta harrezkero eztabaidagaietako bat izan da.
Lezamaren ebazpen proposamena –irakurri osorik– 2010eko irailean Ordizia-Zaldibia bidegorriaren lehen fasearen inaugurazioan esandakoak gogora ekarriz hasten da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari bi herri horien arteko bidegorriaren bigarren zatia egiteko eskatuz amaitzen da.
Martxoaren 5eko osoko bilkuran onartua
Ebazpen proposamen horri oso zuzenketa aurkeztu zioten otsailaren 19an EAJk eta PSE-EEk, eta baita EH Bilduk ere. Hurrengo egunean, otsailaren 20an, gauza bera egin zuen Elkarrekin Podemosek. Dokumentu guztiak Gipuzkoako Batzar Nagusietako Espedienteen arakatzailea atalean daude ikusgai.
Martxoaren 3an, berriz, erdibideko zuzenketa bat aurkeztu zuten EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk, eta hori izan zen martxoaren 5eko osoko bilkuran hiru alderdi horien botoei esker aurrera atera zen proposamena.
Ebazpena hitzez hitz
“Gipuzkoako Batzar Nagusiek Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen diote bete dezala Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Plana 2013-2021 eta, zehazki, Ordizia eta Zaldibia arteko Foru Sareko bidegorria burutu dezala, horretarako, aurten bertan hasiera emanez eraikuntza lanei.
Gipuzkoako Batzar Nagusiek Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen diote sustatu eta azter ditzala tarte estu edo zailenetarako dauden irtenbide guztiak, ahalik eta zabalera handiena emanez eta bereizitako tarteak lehenetsiz, bizikleta bide honen amaiera oraindik gehiago ez atzeratzeko”.