Jose Manuel Morani omenaldi hunkigarria
Urola Eskubaloi Klubak igandean hil zen Jose Manuel Morani azken agurra eta omenaldia eskaini dizkio. Ehunka lagun elkartu dira Ispilla kiroldegian, klubaren etxean. Moranen senitartekoek jokalari, entrenatzaile, zuzendaritzako kide eta jokalarien gurasoen babesa jaso dute.
Jesus Mari Garralda aurkezleak ekitaldi xumea eta bihotzez egina izango zela aurreratu du eta hala izan da. Jose Angel Garcia Vara izan da hitza hartzen hurrengoa. “Anabel emaztearekin elkartzeko uzten gaituzu. Bera, zure semeak eta zure bilobak zaletzea lortu zenuen. Denoi une zoragarriak eskaini dizkiguzu”.
Moran gizonezkoen bigarren taldeko entrenatzailea zen eta taldeko bi kapitainek ere hitza hartu dute. Oiher Perezek eta Miguel Burguerak. “Pasioa transmititu diguzu. Aita bezalakoa izan zara niretzat. Denetik irakatsi didazu eta zuri esker jokalari eta entrenatzaile hobea naiz, baina batez ere pertsona hobea. Eskerrak denagatik. Eskerrik asko kirol honi eta klub honi eman diozun guztiagatik. Maite zaitut eta beti maiteko zaitut”. Burguera ere esker oneko azaldu da. “Laguna eta babeslea izan dut. Lagundu gaituztenei eskerrak eman behar zaizkie. Beti laguntzeko prest egon da”.
Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Maialen Fidalgo Urretxuko zinegotziak ere omenaldian parte hartu dute. Jon Luqui Urretxuko alkateak ez du joaterik izan. Serranok Moranen konpromisoa azpimarratu du. “Hazia erein du. Urola handia bada, bera bezalakoengatik da. Beti zurekin zorretan izango gara. Zorterik onena zure emaztearekin zeruan hasi duzun ibilbidean”, esan du Serranok. Fidalgok Moranen baloreak azpimarratu ditu. “Emaztea gaixotasun degeneratibo baten ondorioz hil zen eta gaixotasun horiek ikusarazteko, jendea kontzientziatzeko eta ikerketa bultzatzeko lan egin du. Hori pertsona ona eta eskuzabala zelako egin du. Emaztearen heriotzatik gauza on bat atera du eta gizarteari ekarpena egin dio. Ostiralean jaioterrira itzuliko da eta han ere bere zain daude, pertsona ona zelako”.
Angel Maniega Urolako lehendakariak dagoeneko dena esanda zegoela esan du eta Moranen argazkiak proiektatzeko eskatu du. Bere abesti kuttuna ere jarri dute: Mago de Oz taldearen Fiesta pagana.