Tolosako hiltegia itxita, grebaren erabateko jarraipenarekin
Hamaseigarren greba eguna dute. Soldatak ordaintzeko eskatu diote enpresari, eta zerbitzua publifikatzeko Tolosaldeko Mankomunitateari.

Otsailaren 24tik greban daude Tolosako hiltegiko hamaika langileak. Hiru hilabete daramatzate soldatarik kobratu gabe. Gaur hamaseigaren greba eguna dute, eta Tolosako udaletxe aurrean egin dute elkarretaratzea. Grebak erabateko jarraipena du eta hortaz itxita dago hiltegia. Goierriko herri gehienetako abeltzainek hiltegi horretara eramaten dituzte abereak hiltzera eta hainbat udal dira hango mankomunitateko partaide.
ELA sindikatuak zabaldu duenez, soldatak ordaintzeko eskatu diote enpresari, eta zerbitzua publifikatzeko Tolosaldeko Mankomunitateari. “Batetik, Industrias Carnicas del Oria enpresari, kudeatzen duen enpresari, zor dituen soldatak ordaintzeko eskatu diote; bestetik, Tolosaldeko Mankomunitateari, zuzeneko arduradunari, zerbitzua bere gain hartzeko eta argitaratzeko eskatu diote. Izan ere, langileek denbora daramate hiltegiaren martxa eskasa salatuz, zerbitzuaren pribatizazioaren ondorioz”.
Ostegunean ere elkarretaratzea egingo dute Tolosako udaletxe aurrean, 09:30ean.
Mankomunitatea “behin-behineko kontu-hartzaile”
Greba abiatu eta bi egunera, otsailaren 26an, Mankomunitateko hainbat kiderekin bildu ondoren, grebarekin jarraitzea erabaki zuten langileek. Bilera horretan gatazkan “behin-behineko kontu-hartzaile baten bidez Mankomunitateak esku hartuko zuela” esan zuen, baina ELAk salatu du kontu-hartzaile hori oraindik ez dutela izendatu. “Eta langileek ez dute zor zaien soldata jaso”.