Euskaraldian parte hartzeko gonbita egin dute Beasainen
Maiatzaren 15ean hasiko da Euskaraldia. Beasaingo hika sustatzeko Appahi jolasa egin dute. Horma irudi bat margotuko dute euskara hauspotzeko. Sei kultur ekitaldi izango dira Irrialdian.

Badator Euskaraldia euskara sustatzeko ariketa sozial masiboa. Maiatzaren 15ean emango diote hasiera, Elkar mugituz egingo dugu lelopean, «aktibazioan, mugimenduan, emozioetan eta batak bestearengan duen eraginean jarriz arreta». Ekimenera batzeko deia egin dute Beasainen, Aittu! euskara elkartearen bultzadaz, Beasaingo Udalaren babesarekin eta herriko eragile desberdinen atxikimenduarekin. Euskaraldiak iraungo duen 10 eguneko tartean, hizketa ohituretan aldaketa egiteko «bakoitzak ahal duen moduan ekarpena egiteko» gonbita egin zuten.
Berrikuntzarik bada edizio honetan. Nagusiena urtaro aldaketa da; udazkenetik udaberrira etorri da Euskaraldia.
Bigarren berrikuntza, berriz, Euskaraldian Hika txertatuko dela. Hau da, Euskaraldian izena ematen duten herritar guztiek izango dute aukera Euskaraldia Hikan izena emateko. Izena ematen duenak H bat izango du bere txapan, eta horrek adieraziko du pertsona horrekin Hikaz egin daitekeela. Hikaz ez jakinda ere parte har daiteke Euskaraldia Hikan, solaskideari aukera emanda.
Gainontzean, bi rol nagusi -Ahobizi eta Belarriprest- izango dira, aurreko edizioetan bezala, eta gainera, banderolak eta lanpasak eskuratu ahalko dira, euskaraz non egin adierazteko.
Appahi aplikazioa
Hika ez dakiten herritarrentzat, Appahi izeneko aplikazioa sortu du CodeSyntax enpresak. Beasaingo bertsioa, Badihardugu elkartearekin prestatu dute. Deskargatzen den momentuan, mezuak tokan edo nokan jasotzea nahi den aukeratu daiteke. Eta gero, aplikazioan, Beasaingo bertsioa aukeratu daiteke. Beste bertsio batzuk ere badaude. Appahi.eus webgunean deskargatu daiteke, dohain.
Helburua da bost astean Hikaren oinarriak jasotzea, jolas erako ariketen bidez. Egunean ikasgai bat egin daiteke. Beraz, 35 egun izango dira. Ikasgai horretan azalpen batzuk egongo dira. Hasieran hitanoaren oinarrizko azalpenak datoz, eta azalpenen ondoan, galdera sorta bat, erantzuteko. Egunean behin jolasaren antzekoa da, baina ez dago azkartasunez erantzun beharrik. Galderak zuzen erantzunez gero, hurrengo egunean beste ikasgai bat irekitzen da. Egunean ezin dira bi ikasgai egin. Galderak gaizki erantzunez gero, ondo egin arte saiatzea posible da.
Horma irudia
Liburutegi ondoko paretan, horma-irudi bat egingo dute, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako fakultateko ikasleen laguntzarekin. Behin diseinuak jasotzen dituztenean, epaimahai batek, tartean Jokin Telleria artista eta Iban Aranburu Bear pinturako irakaslea, hiru aukeratuko dituzte. Hiru horien artean horma-irudira zein eramango den, Beasaingo batxilergoko ikasleek aukeratuko dute.
Horma-irudiaren diseinua egiteko inspirazioa, ondorengo esaeran bilatu beharko dute: Gutarik bakoitzak anitz hizkuntza ukan ditzake, euskarak gu baizik ez gaitu!
Egitaraua
Alaitasunetik eta umoretik eragiteko, Irrialdia antolatu dute Beasainen. Sei ekitaldi izango dira. Maiatzaren 9an, Futbolistok bakarrizketa saioa izango da Zuhaitz Gurrutxagarekin. Maiatzaren 15ean, Belarriprest bakarrizketa eskainiko du Amaia Buenok. Maiatzaren 16an Porrotx eta Marimots izango dira jaialdi herrikoi batekin. Maiatzaren 21ean, Segurako Xirikara elkartearen Zopa antzerkia izango da. Maiatzaren 22an berriz, Magia poteoa Imanol Ituñorekin, eta maiatzaren 23an, Ez Dok Hiru antzerki akustikoa izango da.