«Nire belaunaldiak musika asko entzun du»
Mikel Telleria musikari idiazabaldarrak ‘Oroit Lou Reed’ diskoa aurkeztu du, New York-eko musikariaren omenez. Telleriarentzat musika erreferente garrantzitsua izan da.

Mikel Telleriaren (Idiazabal, 1960) estudioko laugarren lana da Oroit Lou Reed. Atzo aurkeztu zuen diskoa Gasteizko (Araba) Jimmy Jazz aretoan eta martxoaren 20an aurkezpen kontzertua egingo du bertan. Jaiotzez idiazabaldarra den arren, 40 urte daramatza Arabako hiriburuan bizitzen.
Musika beti izan duzu gustuko?
Nire belaunaldiak musika asko entzun du, batez ere garai hartako rock musika. Beatles-ekin hasi ginen, Rolling Stones, Bob Dylan, Lou Reed bera, Pink Floyd… talde asko zeuden. Gure belaunaldiko askok eta askok izan dugu zaletasun hori. Gure garaian musika oro aurrerakoia zen eta asko entzun dugu musika hori eta konturatzerako zaletu nintzen. Garai hartako memoria hori nire gain daramat.
Rock-a da zure estiloa?
Hasi folk-arekin hasi nintzen, Lou Reed-en eraginez gainera, baina azken urteetan rock melodikora pasa naiz. Disko hau horren lekuko da. Azkenaldian erosoago nago rock melodikoaren mundu horretan.
Besteek egiten zuten musika egiten zuen gazte hura noiz hasi zen bere kanta propioak egiten? Noiz eta nola eman zenuen salto hori?
Modu naturalean gertatu zela esango nuke. Gitarra jotzen hasi nintzen, gustuko taldeen kantu ezagunak gitarrarekin jotzen, jolas moduan. Musika munduan gero eta barnerago sartuz joan nintzen, konposizio problemak nolabait konpontzen hasi eta ia modu inkontzientean hasi nintzen konposatzen. Oso modu naturalean gertatu zen. Horrela hasi nintzen nire kantuak egiten. Orain dela 20 urte atera nituen bi disko. Ondorengo urteetan, oso oso lanpetuta ibili nintzen. Eguneroko bizitzan baditugu beste hamaika lan eta horiei ere erantzun behar zaie. Orain berriro lasaitu naiz eta orain bi urte Jose Luis Zumeta artistari eskainitako disko bat atera nuen eta orain beste hau. Orain badaukat denbora nire burua musikan jartzeko. Nire bokazioa da eta egin beharreko lana dela sentitzen dut.
«Hasi folk-arekin hasi nintzen, Lou Reed-en eraginez gainera, baina azken urteetan rock melodikora pasa naiz. Disko hau horren lekuko da»
Gitarra jotzen autodidakta izan zinen.
Lagunekin hasi nintzen lehendabiziko akordeak ikasten. Gustuko taldeei entzunda erreferentziak hartzen hasi nintzen eta konposatzeko hasierako trukoak edo ikasten. Jolasean hasi nintzen.
Gogoan duzu zure lehendabiziko gitarra izan zenuenekoa?
Bai. 1981ean erosi nuen Beasainen eta oraindik ere ondoan daukat. Suzuki bat da, akustika bat. Oso gitarra ona nire ustez eta oraindik ere lan asko egiten dut berarekin. Gitarra xumea da baina sonoritate aldetik oso egokia da. Grabazioetan ere probatu dugu eta soinu oso berezia du, aurreko diskoko kanturen batean sartu genuen.
Idiazabalen jaioa zara baina badira ia 40 urte Gasteizen bizi zarela.
AEKn euskarazko klaseak ematen hasi nintzen Gasteizen, Leioan kazetaritza ikasketak egiten nituen bitartean. Kazetaritza amaituta, ETBrentzako korrespontsal ibili nintzen Gasteizen. Azkeneko urteetan Gasteizko Udaleko komunikazio zerbitzuan dihardut. Laster erretiroa hartuko dut eta horrekin nabil behintzat bueltaka.
Badaukate zerikusirik euren artean?
Jose Luis Zumetari eskainitako diskoa, Euskal Herriko artista belaunaldi zoragarri bati eskainitako diskoa izan zen, nahiz eta Zumeta izan. Garai hartan artista bikainak izan ziren, Basterretxea, Txillida, Oteiza, Amestoi eta beste asko. Haiek eraman zuten euskal artea Europako abangoardia izatera garai hartan, ez da edozer gauza hori.
Zumeta oso artista eklektikoa zen. Pintura figuratiboa, abstraktua… disko hartan eklektizismo hori azaldu nahi nuen. Saiatu nintzen kantu guztiak euren artean ezberdinak izan zitezen, estilo ezberdinetakoak.
Aldiz, Oroit Lou Reed-en molde bereko hamar kantu egiten saiatu naiz. Lou Reed-ek konposatzeko erabiltzen zituen baliabide berak erabiliz sortu ditut kantuak. Nire ustez gizon honek bazituen konposatzerako orduan behin eta berriz errepikatzen zituen baliabide batzuk eta horiekin jokatuz egindako diskoa da.
Jonan Ordorikak ekoiztutako ‘Lou Reed mila esker’ diskoak eman zizun disko hau sortzeko ideia.
Lagun batek eman zidan haren berri. Txuma Murugarrenek euskarara itzulitako Lou Reed-en hamar abesti biltzen dira bertan eta pentsatu nuen, zergatik ez eman pauso bat harago eta bertsioak egin beharrean, euskarazko abesti originalak sortu Lou Reed-en moduan.
«Mundu intimo pertsonal hori beti dago oinarrian, baina gizarteko gaiak ere aipatu beharrekoak dira nahitaez; are gehiago azken aldi honetan»
Zure kantuetan zeri buruz hitz egiten duzu?
Batetik, mundu intimo pertsonal hori beti dago oinarrian, baina gizarteko gaiak ere aipatu beharrekoak dira nahitaez; are gehiago azken aldi honetan. Oroit Lou Reed-en ere badira horietakoak. Kantak egiterako orduan Lou Reed-en abestietako letrak ere hartu ditut kontuan. AEB etan 70eko eta 80ko hamarkadetan Dirty Realism literatur mugimendu nahikoa ezaguna izan zen, Charles Bukowski, Ramon Carver eta kuadrilla hau aitzindari izan zutenak. Reed-en lanean belaunaldi horren eragina nahikoa nabarmena da, berak ere aitortu zuenez. Dirty Boulevard bere abestian inspiratuta egin dut Reed-en omenezko kanta bat. Ez nuen abesti arin bat nahi, baizik eta pisuzkoa hark erabiltzen zituen gaiak erabiliz. Oroit Lou Reed hortaz doa.
Martxoaren 20an diskoa aurkezteko kontzertua eskainiko duzu Gasteizko Jimmy jazz aretoan.
Bai, inork Goierritik etorri nahi badu ongietorria izango da. Orain ari gara beste kontzertu batzuk lotzen eta asmoa da noski, bira bat egitea. Espero dut Goierri aldera joateko aukera ere izatea.

Mikel Telleria