Olaran Talentu Faktoriaren proiektuak beste urrats bat egin du aurrera
Udal planteamenduan aurreikusitakoari, zuzkidura-bizitoki erabilera gehitu diote. EH Bilduk alegazioa egin du, eta oposizio guztiak babestu du.

Olaran Talentu Faktoria proiektuarekin hasi ahal izateko udal planteamenduan aurreikusitako erabilerei zuzkidura-bizitoki erabilera gehitu behar izan zaio Olarango partzelari. Arau aldaketari erantzuteko, EH Bilduk alegazio bat aurkeztu zuen. Otsailaren 27ko osoko bilkuran, oposizio osoak (EH Bildu, PSE-EE eta Podemos) EH Bilduren alegazioarekin bat egin zuen. EAJren aldebakarreko bozekin onartu zen arau aldaketa.
EH Bilduk «aldaketaren egokitasuna eta legezko zilegitasuna zalantzagarriak» direla adierazi du. «Zuzkidura bizitokiak, legez, egoera sozial eta ekonomiko zaila duten pertsonen beharrak asetzera bideratu beharko lirateke». Udal Gobernuak proposatzen duen aldaketarekin, «zuzkidura bizitokiak kanpotik lanera datozen langileentzat eraikiko dira». EH Bilduren arabera, «horrek ez du beasaindarrek etxebizitza lortzeko duten arazoa konpontzen», eta gehitu dute, «lehentasunak jarri behar» direla.
Gainera, EH Bilduk alegatu du, «aldaketa ez dela herriko bizitoki beharren azterketa batetik abiatu, baizik eta udalak jadanik gauzatu nahi duen proiektu zehatz eta espezifiko bati zilegitasun urbanistikoa emateko aldaketa bat» dela. Aldaketa «xumea» izan arren, edukiz «eragin handia» duela, eta «herriko bizitoki beharrak ez dituela kontuan hartzen».
Udal Gobernuak erantzun du, «3/2015 Etxebizitza Legeak, zuzkidura-bizitoki batera sartzeko behar bereziak dituzten kolektibo zaurgarrietatik haratago, pertsona banandu, gazte, immigrante eta antzeko beste batzuei erreferentzia» egiten diela, eta hain zuzen ere, «azken hauen artean leudeke atzerrian lanean dauden goierritarrak». Beasaingo Udal Gobernuaren esanetan, «hauek erakarri eta bertakoak mantentzea lehenetsiko du egitasmoak». Olaran Talentu Faktoriari esker, «enpresek bere langileentzat Beasainen alokatuta dituzten etxebizitzak libre geratuko lirateke, eta horrek, eragin positiboa izango du beasaindarrei zuzenduriko alokairurako eskaintzan».
Gainera, EAJren udal gobernuak esan duenez, «bizitoki-zuzkidurak definizioz aldi baterako bizitokiak dira, ezin dira etxebizitza iraunkorrak izan», beraz, «nekez erantzungo dio etxebizitza beharrari bakarrik 6, 12 edo 24 hilabeteetarako egonaldia eskaini dezakeen zentro batek». Etxebizitza erronkari aurre egiteko, Udal Gobernuak gehitu du «beste ekimen batzuk» dituela martxan, «Ugartemendiko alokairu sozialerako 90 etxebizitzak, adibidez».
Prozedura
Zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurari dagokionez, EH Bilduk azaldu duenez, «ezinbestean alokairuko babes sozialeko etxebizitzen esleipenerako zehaztuta dauden printzipio berak erabili beharko dira prozeduran». Baina proiektua «ez dagoenez horretara bideratua, hemen ere, etxebizitzak esleitzeko ohiko prozedura erabili beharrean, prozedura berezi bat jarriko da martxan». Horregatik, etxebizitza gaietan eskumena duen «Eusko Jaurlaritzako organoak onartu beharko du».
Horri erantzunez, Udal Gobernutik azaldu dutenez, «3/2015 Etxebizitza Legeak jarduketa bakoitzerako berariazko prozedurak ezarri ahal izango direla argi esaten du», beraz, «ez da egokia prozedura berdina erabiltzea etxebizitza babestu bat saltzeko edo aldi baterako ikasle, ikertzaile edo profesionalei bizitoki bat eskaintzeko».
Kokapenari eta ekipamenduei dagokienez, EH Bilduren alegazioak dio Ezkiaga auzoa, dentsitate altueneko eta ekipamendu behar handieneko gunea izanik, «ez direla auzoaren eta auzotarren beharrak kontuan izan». Olaranen proposatutako aldaketak, «herriko ekipamendu 3000m2 galtzea» suposatuko luke.
Udal Gobernuak erantzun du «auzotarren eta herritarren beharrei erantzuteko behe solairua eta estalki irekia» izango direla, «mila metro koadrotik gora, hots, eraikinaren herena baino gehiago».
Kontsentsua
Azkenik, Olaranen eraberritzea «ahalik eta kontsentsu zabalenarekin» egin behar dela nabarmendu du EH Bilduk, eta «beasaindarrekin lantzea ezinbestekoa» dela iritzi dute.
EAJk erantzun du, Olaran Talentu Faktoria egitasmoa EAJren hauteskunde programan aurkeztu zela eta «beasaindarren babesa» jaso zutela «2023ko hauteskudeetan». Hori gutxi balitz, herritarren lehen parte-hartze prozesu bat egin zela 2024ko udazkenean, eta bigarren bat egingo dutela datozen hilabeteetan. Otsaileko Osoko Bilkuran bozkatu zena «Hirigintza Arauen aldaketa puntual bat» izan zela ere esan du, «ez Olaranerako proiektua». Bukatzeko, eskua luzatzen die alderdi politiko desberdinei «ekarpenak egin eta proiektua aberasteko»