Bealak Trail lasterketa jokatuko da larunbatean
Bi distantzia izango dira: laburra 13 kilometrokoa eta luzea 23koa. Loinazpe ingurutik abiatuko dira lasterkariak 15:15ean.

Arriaranen 11 urtez egin duten mendi lasterketaren aroa bukatutzat eman ondoren eta hark utzitako hutsunea betetzeko helburuz, Bealak Beasaingo Lasterketariak klubak Bealak Trail mendi lasterketa antolatu du. Larunbatean jokatuko da, eta bi ibilbide izango ditu: Laburra, Usurbe eta Zormendi tontorrak pasako dituena (13 km/ 850 mD+); eta luzea Usurbe, Murumendi, Urrezparatz, Mallutz eta Zormendi (23km / 1400 mD+) igaroko dituena. Loinazpe ikastetxea izango da abiapuntua, 15:15ean.
Hiru kategoria izango ditu, eta lasterketa bakoitzeko lehen neska, mutila eta herritarra sarituko dituzte. Partaideen artean Goierriko 2 Handiak eta Marimurumendi maratoirako dortsalak zozkatuko dituzte.
Izen-ematea
Izena emateko eta ibilbideen inguruko xehetasun guztiak ezagutzeko Herrikrosa.eus plataforman sar daiteke. Lasterketa laburrean parte hartzeko prezioa 19 eurokoa da aurrez (25 egunean bertan) eta luzearena 24 euro (egunean 30). Korrikalariek kamiseta bana jasoko dute, oparien zozketan parte hartuko dute eta irteera-helmuga gunearen ondoan dagoen kiroldegia erabili ahal izango dute dutxatzeko.