ETA, GAL, eta ‘Un, Dos, Tres’
Ricardo Gomezek ‘Patria, la buena’ eleberri beltza argitaratu berri du. 1985-1986an kokatu du trama idazle ordiziarrak. Gaurtik dago salgai.

Bicis, drogas ,oficinas bere azken lanaren ostean, fikzioa eta errealitatea uztartzen dituen beste eleberri batekin itzuli da Ricardo Gomez (Vigo, Galizia, 1970) ordiziarra literaturaren mundura. Patria, la buena eleberri beltza kaleratu berri du Autsaider argitaletxearekin. ETA, GAL, eta Television Españolako Un, Dos, Tres… responda otra vez programa elkartu ditu istorio berean. Ordizian eta Beasainen egongo da salgai.
«Zer gertatuko litzateke ETAko bi kide Madrilera joango balira Un, Dos, Tres programan parte hartzera, hala Madril komandoa antolatu eta Torreviejako apartamentua eskuratu eta hori Levante komandoko base bezala erabiliz gero?». Hala dio liburuaren sinopsiak. 1985 eta 1986. urteen artean kokatu du trama ordiziarrak. Lehenengo eszena 1985eko irailean da, Donostiako Zinemaldian, eta azkena, NATOren inguruko erreferendum kanpainaren itxiera gauean, 1986ko martxoaren 10ean.
Alberto Martin Legorburu gaztea da protagonista eleberri hasieran. Guardia Zibilarekin sator lanean aritzen den langabetua eta droga saltzailea da. Torturen berri duenean Baionara ihes egingo du, eta Monbar hotelean dagoela, akabatu egingo dute. Era berean, bere ama Arantxa Legorburu Un, Dos, Tres programan parte hartzeko hautatuko dute, eta atsekabetuta egon arren, bere beste seme Angelekin eta Angelen bikote izandako Irenerekin joango da. Irene, aldi berean, nahita itzuli da Angelen bizitzara; ETAko militantea da, eta programan parte hartu nahi du Madrilen erakundeak Madril komandoa antola dezan. Angelek, baina, beste plan batzuk izango ditu eta hankaz gora jarriko du erakundearen eta Ireneren ideia.
Espainiako estatuko zerbitzu sekretuen presiopean, De Pedro erakundeko buruetako bat Madrilen dela kontatuko die. Ordainetan, poliziek Alberto nork akabatu zuen esango diotela aginduko diote. Egoera konplikatu egingo da GALeko kideak agertzen direnean. Barne Ministerioarekin batera, nano bat, narkotrafikatzaile bat, Mayra Gomez Kemp, Doña Manolita eta garai hartako beste hainbat pertsonaia gurutzatuko dira istorio nagusian.
Mirentxun eta Larratxan
Gaurtik dago eskuragarri Patria, la buena Elkar dendetan, eta bihartik aurrera Beasaingo Mirentxu eta Ordiziako Larratxa dendetan ere bai.