Euskaldun torneoko Emakumeen Segura Saria, larunbatean
Emakumezkoen txirrindularitza lasterketak jokatuko dituzte larunbatean. Kadete mailatik hasita, elite mailara artekoak arituko dira. Segurako Txirrindulari elkartea boluntario bila dabil.

Emakumeen Segurako txirrindularitza saria jokatuko da asteburu honetan, Segurako txirrindulari elkarteak antolatuta. Emakumeen txirrindulari lasterketa hau laugarrenez antolatuko dute Seguran eta kadete mailatik hasita, elite mailara arteko txirrindulariek hartuko dute parte. Emakumezkoen Euskaldun torneoaren baitako proba izango da larunbatekoa. Segurako txirrindulari elkartea boluntario bila dabil asteburuko lasterketan laguntzeko. Emakumeen lasterketa izanik, emakumeei egin diete bereziki, laguntzera gerturatzeko deia.
Bi lasterketa jokatuko dira etzi. Lehena, kadete mailakoena 14:15ean hasiko da Segurako plazan. Guztira, 41 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute eta azken kilometroetan igo beharko duten Zeraingo mendatea izango da karrerako mendate puntuagarri bakarra. Lehenengo txirrindularia 15:20ak inguruan helmugaratuko dela aurreikusi dute antolatzaileek.
Bigarren lasterketari 16:30ean emango diote hasiera leku berean; gazte, 23 urtez azpiko eta elite mailako txirrindularien txanda izango da. Kasu honetan ibilbidea 60 kilometrokoa izango da eta Lierniko gaina hirutan gainditu beharko dute txirrindulariek. Segurako plazako helmugan 17:30 pasatxoan espero dute lehendabiziko txirrindularia.
Boluntario bila
Segurako txirrindulari elkarteko kideak asteburu honetako lasterketan eta datozen hilabeteetan Seguran antolatuko dituztenetan laguntzeko boluntario bila dabiltza. «Herritarren laguntza beharrezkoa da» adierazi dute prentsa ohar baten bidez. Boluntarioak lasterketak irauten duen bitartean, bidegurutzeak zaintzeko behar dituzte gehien bat. Guztiak dira ongietorriak, baina emakumezkoei egin diete bereziki deia: «Segurako txirrindulari elkarteko laguntzaile taldean herriko zenbait emakume daude, baina kopuru hau handitzea nahiko genuke. Aurrerantzean, txirrindulari elkartean emakumeen presentzia handiago izatea gustatuko litzaiguke», azpimarratu dute.
Lehenengo aldiz joango direnei bidegurutzeetan egin beharreko lanen azalpena emango diete larunbatean, 13:15ean plazan. Asteburu honetan eta datozen hilabeteetan egingo diren lasterketetan laguntzeko prest dauden herritarrak segurakotxirrindularielkartea@gmail.com-era idatzi dezakete edo 692 705 331ra whatsappez mezu bat bidali.
Beste lau lasterketa
San Joanak bitartean beste lau lasterketa antolatuko dituzte Seguran. Martxoaren 22an, eskolarteko lasterketa; maiatzaren 3an, kadeteen mailako mutilena; ekainaren 6an, gizonezkoen Euskaldun Torneoa eta ekainaren 23an, junior mailako Gipuzkoako Itzuliaren azken etapa.