Gipuzkoako 37. eskolarteko ibilaldi neurtua igandean da Ormaiztegin
Ormaiztegiko kirol elkarteak bi ibilbide antolatu ditu iganderako. Luzeak hamabi kilometro ditu, eta laburrak sei.

Gipuzkoako eskolarteko 37. mendi lehiaketa jokatuko da asteburu honetan Gipuzkoako 5 herritan, tartean, Ormaiztegin. Gipuzkoako ikastetxe guztietako haur eta gazteek har dezakete parte ibilaldi neurtuetan, Eskola mendizaletasuneko lehiaketan izena emanda izan ala ez.
Ormaiztegirekin batera Añorgan, Bergaran, Errenterian eta Orion ere egingo dituzte irteerak igandean, tokian tokiko mendi elkarteek antolatuta. Urtero txandan-txandan antolatzen dituzte ibilaldi neurtuak Gipuzkoako herri ezberdinetan. Ibilaldi guztiak 9:30ean izango dute irteera ordua, Ormaiztegiko kasuan udaletxe paran hasi eta amaituko da. Hasi aurretik, parte hartzea baieztatu beharko du harrera mahaian, ikastetxe bakoitzeko ordezkari batek.
Bi ibilbide aukeran
Ormaiztegiko kirol elkarteak bi ibilbide antolatu ditu iganderako. Luzeak 12 kilometro ditu, udaletxe paretik irtenda Zelandieta, Zerain, Mutiloa eta Lierni pasata, Ormaiztegin amaituko da. Motzak 6 kilometroko luzera du; ibilbidea antzekoa da, baina Zelandietatik zuzenean joko dute parte hartzaileek Liernira eta handik berriz Ormaiztegira. Hiru kontrol gune jarriko dituzte: Zelandietan, Zerainen eta Liernin. Azken honetan, hamaiketakoa ere eskainiko diete mendizaleei. Kanpotik datozenek Zubipe kiroldegiko aparkalekuan izango dute aparkatzeko aukera.