Ilagin crochet, Periazokan ikusgai
«Ilusio berezia» egiten dio Sara Garmendia Alustizari (Gaintza, 2000) igandeko Periazokak, «etxeko plazan eta senideez inguraturik» egongo baita.

Sara Garmendia 2022. urtean hasi zen bere kabuz hari lanak egiten. Hasiera batean beretzat eta ingurukoentzat gordetzen zituen arren, Suedian egindako egonaldiak bultzatu zuen zerbait gehiago egitera, eskulan denda ugari ezagutu baitzituen bertan. Han zegoela hasi zen eskulanak sortzen, eta «egindako lan guztiak nonbait bildu eta munduari erakusteko nahiak» eraman zuen egun martxan duen Ilagin marka sortzera; sare sozialetan kontu bat ireki eta argazkiak igotzen hasi zen.
Bidaia hark Garmendiarengan nolabaiteko eragina izan bazuen ere, aitortu du txikitatik izan dela eskulan zalea. Amonaren josteko makinan ikasi zuen josten; bertan egin zituen aurreneko lan kuttunenak, eta ondoren, kakorratzera pasatu zen. Denborarekin, kakorratzean bilatu zuen bere gustuko lekua, eta gutxika-gutxika teknika berrien bitartez, bere bidea modu pertsonalizatuan garatzeari ekin zion, egungo produktuak ondu arte.
Bide horretan, baina, material mota asko landu dituela nabarmendu du: kotoia, telatik egindako haria… bereziki, konstantzia duten hariak aukeratzen ditu, «poltsei forma zurrunagoa eman ahal izateko»; material horiek egiturari eusteko eta emaitza sendoagoa lortzeko aproposenak direla iruditzen zaio.
Esklusibotasuna
Diseinu-prozesua bere behar eta gustuetatik abiatzen dela adierazi du; askotan, dendetan aurkitzea gustatuko litzaiokeen baina inon topatzen ez dituen poltsak sortzen ditu, eta gehienetan, berarentzat izaten dira. Inspirazioa, halaber, sare sozialetatik ere jasotzen du tarteka. Azpimarratu du maiz buruan izatean duen ideia egikaritzeko egin beharreko aurreneko pausua «haria aukeratzea» dela, haren moldea, kolorea eta ukimena kontuan hartuta. Behin material egokia hautatuta, «esku-lana hasten da», eta prozesu horrek «denbora dezente» eskatzen duela dio, poltsaren diseinuaren arabera.
«Ekitaldia aurpegi ezagunen artean izango da eta horrek beste xarma bat ematen dio azokari»
Aurrez aurreko salmentak
Bere markaren harrera poliki-poliki hazi dela ziurtatu du, batez ere «hasiera batean ingurukoen artean eta azoka desberdinetan aurkeztuta». Hala ere, «nahi baino denbora gutxiago» izan du horretan sakontzeko, eta dioenez, horrek mugatu du bere sorkuntzen zabalkundea.
Sare sozialen erabilera ere «mugatua» izan du, eta gehienetan gertuko lagunei edo zuzenean idazten ziotenei egin dizkie poltsak, haien gustuetara egokituta. Hainbat azokatan ere parte hartu du, eta bertan bere sorkuntzek jendearen interesa piztea «oso pozgarria» izan da berarentzat. Horrek ez du kentzen, baina, eskulanen sortze-prozesua «geldoa» izatea; azokek beste erritmo azkarrago bat eskatzen dute, horrek erronka pertsonal zein profesional bereziak ekarrita.
Igandean, esaterako, Gaintzan egingo den aurreneko Periazokan egongo da, eta bertara hurbiltzen den orok izango du bere produktuak ikusi, ezagutu, zabaldu eta etxera eramateko aukera. Garmendiak gogotsu dago iganderako: «Ekitaldia aurpegi ezagunen artean izango da eta horrek beste xarma bat ematen dio azokari». Dioenez, maite ditu azokak, eta maite du artisauen artean sortzen den giroa.
Martxoaren 16an, autobusak Ordiziako Renferen geltokitik abiatuko dira 11:15ean, 11:50ean, 12:00etan eta 12:25ean, eta ondorengo ibilbidea egingo dute: Ordizia-Oteginea (11:18an, 11:53an, 12:10ean eta 12:28an), Zaldibia-Bilore (11:25ean, 12:00etan, 12:20an eta 12:35ean) eta Gaintzara 11:35ean, 12:10ean, 12:45ean eta 12:30ean iritsiko dira. Itzultzeko, autobusak Gaintzatik abiatuko dira 14:00etan, 14:35ean, 17:15ean eta 17:50ean.