Kirolaren bidez gizarteratzeko gida
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak, Haurralderekin, Ordiziako eta Bergarako udalekin eta beste erakunde batzuekin elkarlanean, emakume migratzaileek jarduera fisikoan eta kirol jardueran parte hartzeko gida aurkeztu du.

Gaur goizean, prentsaurrean aurkeztu dute Donostian, foru aldundian, Jatorri anitzeko emakumeen ongizate eta gizarte-inklusioa jarduera fisiko edota kirolaren bidez izenburuko gida. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak, Haurralderekin, Ordiziako eta Bergarako udalekin eta beste erakunde batzuekin elkarlanean egindako gida da. Aurkezpenean izan dira Goizane Alvarez Irijoa Kultura eta Kirol diputatua, Adur Ezenarro Ordiziako alkatea, Gorka Artola Bergarako alkatea, eta Jaqueline Bica Haurraldeko komunikazioa teknikaria.
Ikerketa zientifikoek frogatu dute desabantaila sozioekonomikoa duten kolektiboetako jendeak jarduera fisiko gutxiago egiten duela nabarmen, eta etorkinak eta gutxiengo etnikoetako pertsonak ez dira salbuespen. Egoera horri iraultzeko asmoz, Kultura eta Kirol Departamentuak, Ordiziako eta Bergarako udalekin eta Haurralde Fundazioarekin elkarlanean, gida bat prestatu du, Gipuzkoako kirol arloko eragileentzat, eta bereziki udalentzat, lantresna izan dadin.
Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol diputatuak azpimarratu duenez, “jarduera fisikoa funtsezko tresna da herritar guztien gizarteratzea eta ongizatea lortzeko. Gida honen bidez, beste pauso bat eman nahi dugu pertsona guztiek, beren jatorria edozein dela ere, baldintza berdinetan kirola egiteko aukera izango dutela bermatzeko hartuta dugun konpromisoan”.

Adur Ezenarro Ordiziako Alkatea.Ordiziako Udala.
Adur Ezenarro Ordiziako alkatearen esanetan, “Ordizia jatorri aniztasun handiko herria da, baina era berean, harrera herria ere bada, eta zentzu horretan, hainbat saiakera egin dira bide horretan. 2023an programa honetan parte hartzeko Aldundiaren deia jaso genuenean, kulturarteko igeriketa saioa antolatu genuen; oso aberasgarria iruditu zitzaigun, eta denborak eta esperientziak erakutsi digu horrela izan dela. Lehen urte hartan 17 emakumek eman zuten izena, eta bigarren urtean bi talde osatu ziren, guztira 16 jatorri ezberdinetako 42 emakumek eman zuten izena”.
Ezenarroren arabera, parte hartzen duten emakumeek ere “oso ondo baloratzen duten ekintza” da eta etorkizunean igeriketakoarekin jarraitu eta “beste ikastaroren bat ere eskaintzeko aukera aztertzen” ari direla azaldu du.
Haurralde Fundazioko Jaqueline Bica kideak nabarmendu du kirolak modu transbertsalean jarduten duela, ez soilik nazionalitate eta kultura desberdinetako emakumeen osasun fisiko eta mentala sustatuz, baizik eta haien autoestimua, komunitatean parte hartzea eta gizarteratzea ere indartuz. “Giza eskubideak eta genero-berdintasuna sustatzen dituen irabazi-asmorik gabeko erakundea garenez, berretsi egiten dugu emakume horien parte-hartze aktiboa sustatzeko konpromisoa, haien autonomia eta ongizatea sustatuz. Konpromiso hori Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera gauzatutako proiektuetan gauzatzen da, kirol-jardueretan parte hartzeko arrakala murriztera bideratuta, bereziki kolektibo ahulenen artean “, amaitu du.
Informazioa jaso
Gida berri ezagutza zientifikoan eta esperientzia praktikoan oinarritutako informazioa jaso dute, horrela, udaletako kirol politikak eraginkorragoak izan daitezen. Gainera, tresna zehatzak eskaintzen ditu tokiko estrategietan txertatzeko.
Era berean, jarduera fisikoaren orientaziorako udal zerbitzuetako kirol orientatzaileei zuzenduta dago, bai eta beste eremu batzuetako eragileei ere, hala nola berdintasun, migrazio, kultura-aniztasun, gizarte zerbitzu, hezkuntza eta kulturakoei.
Jarduera fisikoa sustatzeko funtsezko osagaiak
Gidaren egileen esanetan, jarduera fisikoa eraginkortasunez sustatzeko, funtsezkoa da jardueretarako sarbidea bermatzea, eta horretarako, jarduerak eskura jarri, garraio aktiboa edo publikoa sustatu, eta kostuak murriztu behar dira, inor kanpoan gera ez dadin. “Ekimenak malgututa eta egokituta, banakako eta taldeko beharrei erantzuten diegu; motibazioa eta sentsibilizazioa landuta, berriz, informazio eskura jarriz eta xede diren pertsonekin harreman zuzena izanez, parte-hartze handiagoa sustatzen da”.
Gainera, herritarren ahalduntzeak eta ekimenen diseinuan eta kudeaketan inplikatzeak haien konpromisoa eta kidetasun sentimendua indartzen dituztela uste dute.
“Jarduera fisikoaren sustapena orokorrean eta zeharka landu behar da, sektoreen arteko lankidetza sustatuz eta irisgarritasun unibertsala bermatuz, kolektibo jakin batzuen premia espezifikoak ahaztu gabe. Erakundeen arteko lankidetzak eta administrazioen eta erakundeen arteko sare lanak proiektuen jasangarritasuna bermatzen dute, eta diziplina anitzeko taldeak sartzeak, berriz, arreta espezializatuagoa ematea ahalbidetzen du. Azkenik, esku-hartzeen jarraipena eta ebaluazioa, oztopo ekonomikoen murrizketa eta banakako arreta funtsezkoak dira ekimenen eraginkortasuna hobetzeko eta bizi ohitura gisa finkatzen laguntzeko”.
Gipuzkoako datuak
Gaurko aurkezpenean eman dituzten datuen arabera, “Gipuzkoan pobreziako eta gizarte bazterketako arriskuari buruz SIISek egindako azterketaren arabera (2022), kirola egunero egiten duten pertsonen ehunekoari begiratuta alde nabarmena dago bertako biztanleen (% 31,7) eta atzerritar jatorriko biztanleen (% 14) artean. Arrakala horrek kirol jardueran inklusioa sustatzeko esku-hartze espezifikoen beharra azpimarratzen du”.