Martxan da Aizkorpeko pilotari gazteen bost herrien arteko txapelketa
Bost herrietako pilotariek hartuko dute parte txapelketan. Aurre-benjamin eta kimuen mailako 40 bikote arituko dira. Pilota zaletasuna bultzatzeko sortu dute Aizkorpe kluba.

Bost herrien arteko pilota txapelketari hasiera eman zioten atzo arratsaldean, beste urte batez. Aizkorpe bailarako —Zegama, Segura, Zerain, Mutiloa eta Idiazabal— pilotari gazteen txapelketa da, Zegamako Tartalo Etxe pilota elkarteak, Segurako pilota elkarteak eta Idiazabalgo Atxurbide pilota elkarteak antolatuta. Mutiloako eta Zeraingo pilotariak Segurako taldearekin aritzen dira. Aurre-benjaminen mailatik hasi eta kimuen mailara arteko —2017 eta 2013 artean jaiotakoak— 40 bikotek hartuko dute parte aurtengo txapelketan. Martxoan zehar jokatuko dituzte kanporaketak eta apirilaren 7tik 11rako astean finalerdiak eta finala.
Aizkorpeko pilotari gazteen artean ez ezik, haien gurasoen artean ere «ilusio asko» sortzen duen txapelketa da Idiazabalgo pilota eskolako Joseba Goikoetxeak esan duenez. «Urte guztian entrenatzen aritu eta gero, frontoian nola moldatzen diren erakusteko aukera bat da», gehitu du. Lehiatzeko aukeraz gain, txapelketa beste herri batzuetako pilotariekin aritzeko aitzakia ere bada, «askok eskola kiroletik-eta ezagutzen dute elkar eta harreman politak sortzen dira».
Finala, apirilean Idiazabalen
Atzo arratsaldean jokatu zuten txapelketako lehendabiziko kanporaketa benjaminen mailan, Zegaman. Adin guztietako pilotariak bi talde handitan banatu dituzte, «ia kategoria guztietan zortzi bikote daude; 2016koan, hamar eta 2014koan, sei». Guztiek guztien aurka jokatuko dituzte kanporaketak. Benjaminen mailakoak asteazkenetan izango dira, hurrenak martxoaren 19an Seguran eta martxoaren 26an Idiazabalen. Kimuek astearteetan jokatuko dute, Idiazabalen. Finalaurrekoak Seguran izango dira eta finala Idiazabalen. Oraindik datarik ez dute zehaztu baina apirilaren 7tik 11rako astean izango direla aurreratu du Goikoetxeak.
«Pilotan jokatu nahi duten bailarako pilotariei ibilbide oso bat eskaini ahal izatea da helburua, hasi kimuen mailatik eta nagusien mailara arte»
Joseba Goikoetxea. Aizkorpe Euskal Pilota Kluba
Maila txikienetan pilotari «asko» dabilen arren, adin batetik aurrerako gazteek pilota uzteko joera dutela dio Goikoetxeak. Aizkorpeko hiru pilota elkarteetan arazo bera dute eta iazko uztailean elkartu eta Aizkorpe Euskal Pilota kluba sortzeko erabakia hartu zuten. «Pilotan jokatu nahi duten bailarako pilotariei ibilbide oso bat eskaini ahal izatea da helburua, hasi kimuen mailatik eta nagusien mailara arte», azaldu du Goikoetxeak.
Gaur egun, 32 pilotari daude Aizkorpe pilota klubean, kimuen eta haurren mailetan. Maila baxuagoetako pilotariak norbere herriko pilota eskolan aritzen dira. Asmoa, pixkanaka nagusien mailara arteko pilotariak erakartzea da. Nesken eta mutilen kopuruei buruz galdetuta, desoreka nabarmena da, «klubean dauden 32 pilotarietatik bakarra da neska». Baina ez da hori klubeko errealitatea soilik, herrietako pilota eskoletan ere ez dabil ia neskarik pilotan, «hasierako urteetan ere ez da ia neskarik ikusten».
Txandakako sistema
Aizkorpe Euskal Pilota kluba «bailarako proiektua» da eta horregatik, txandakako sistemarekin egiten dituzte entrenamendu saioak. «Irailetik abendura Seguran ibili dira; urtarriletik martxoaren amaierara arte Idiazabalen eta apiriletik ekainera Zegaman», azaldu du. Maila hauetako pilotariak Gipuzkoa mailako txapelketetan ari dira parte hartzen, «emaitza politak ari dira lortzen, txapel bat ere irabazi dugu eta gustura gaude alde horretatik». Bitartean, Aizkorpeko gazteen artean, pilota zaletasuna suspertzeko lanean jarraituko dute.