Peribidea berreskuratzeko urratsa, igandean
Gaintzako Periazoka baliatuta, Peribidea berreskuratzeko aurreneko seinalizazioak jarriko dituzte Ordiziatik Gaintzarako bidean. Familiartean egun polit bat pasatzera animatu dituzte goierritarrak.

Herritar talde batek antolatuta igandean Gaintzan egingo den Periazoka baliatuz, pasa den udazkenean Peribidea berreskuratu asmoz abiatutako egitasmoaren berri eman dute Jon Gorrotxategi Gaintzako alkateak eta Larraitz Garmendia Jakintza Ikastolako zuzendariak atzo arratsaldean eginiko prentsaurrekoan. Adierazi dutenez, igandeko ekimena “aukera polita” da oinezko bidea martxan jartzea bultzatu eta ibilbidearekin aurreneko harremana izateko, “oraindik ibilbidea erabat osatuta egon ez arren”.
Kolore berdeko kartelak eta zintak jarriko dituzte ibilbideko bidegurutzeetan, ibilbidea seinalizatzeaz gain, “inor galdu ez dadin”; azaldu dute ez dela “behin betiko” seinalizazioa izango, berezko asmoa Ordiziako erdigunetik abiatuko den eta Gaintzako erdigunera iritsiko den ibilbidea osatzea delako. Hala ere, ‘Ordizia – Gaintza Peribidea’ dioten kartelak egongo dira ikusgai.
Interes handiko proiektua
Azpimarratu dute ibilbide horren lanketa Goiturrekin egiteak “federazioarekin harremanetan jartzea” ahalbidetu dietela, eta helarazi diete “homologatzeko interes handiko ibilbidea” izan daitekeela. Hortaz, horretara bidean aurreneko urratsak ere ematen ari dira, eta helburua, besteak beste, ibilbidean zehar informazio panelak eta haurrentzako jolasguneak jartzea litzateke, “familiartean egiteko aproposa eta atsegina den ibilbidea” dela bermatuta. Goierritarrak bertaratzera animatu dituzte, eta gehitu dute Gaintza bisitatzera doan orok izango duela nola bueltatu; autobus zerbitzu bereziak jarriko dituzte.