Jende andana bildu da Gaintzako lehen Periazokan
Azokaz gain, egun osorako egitaraua antolatu dute: txakur trebatuen erakustaldia, herri bazkaria, trikitixa emanaldia eta magia ikuskizuna.

Gaintzako emakume talde baten ekimenez, Periazoka egin dute lehen aldiz Gaintzan. Eguneko ekitaldi nagusia azoka izan bada ere, beste hainbat ekintza ere antolatu dituzte egun osorako. 10:30ean eman zaio hasiera azokari, eta 14:00etan amaitu da. Eguraldia lagun, herrian bertan, plazan eta elizaren bueltan jarri dituzte azokako mahaiak. Bertan, Goierriko eta inguruko 21 ekoizle elkartu dira: Goierri, Tolosa, Nafarroa eta Gasteizko ekoizleak, besteak beste. Denetariko produktuak erosteko aukera izan da: elikagaiak, eztia, esnekia, ogia, haragia, pitxiak, liburuak, poltsak eta txotxongiloak.
Egun osoko festa
Azokarekin batera, 12:00etan txakur trebatuen erakustaldia egin dute, eta 14:00etan herri bazkaria, herriko pilotalekuan. Arratsaldean ere festak jarraipena izango du. 16:30ean trikitixa emanaldia izango da hiru soinujoleren eskutik, eta 18:00etan, Alain Zulaika ilusionistaren magia ikuskizuna.
Gaintzara joateko autobus zerbitzu berezia antolatu dute, baina oinez joatea ere bada beste aukeretako bat. Hain zuzen, Jakintza Ikastola Erasmus proiektuaren barruan, eta Gaintzako Udala elkarlanean, garai bateko Peribidea berreskuratzeko lanean ari dira. Gaurko egunerako, aurreneko seinalizazioak jarri dituzte Ordiziatik Gaintzarako bidean. Hala ere, ez da behin betiko seinalizazioa izango, berezko asmoa Ordiziako erdigunetik abiatuko den eta Gaintzako erdigunera iritsiko den ibilbidea osatzea baita. Gainera, aurrera begira, ibilbidean zehar informazio panelak eta haurrentzako jolasguneak jartzea ere bada beste helburuetako bat.























