Artegietako ameztia zabaltzeko landaketa, Zuhaitz Egunean
Igandean egingo dute aurtengo Zuhaitz Eguna Idiazabalen. Udalak, mendi taldeak eta guraso elkarteak antolatu dute. Artegietan iaz hasitakoari jarraipena, auzolanean.

2019an eguneratutako erroldari dagokionez, Idiazabalek 2.335 biztanle ditu herrigunean, Urtsuaran auzoan eta inguruko baserrietan sakabanatuta bizi direnak. Guztira 29,5 kilometro koadroko mugatzea du eta herri lur asko ditu: Irumugaetan, Atxurbiden, Txaran, Santa Barbaran, Oriolatzan… Herriaren zati garrantzitsua dira herri lurrak eta haien zaintza, biziraupena eta mantenua lehentasunezko gaiak izan dituzte herrian. Horren adibide da, datorren igandean Idiazabal kirol elkarteko mendia sailak, Aita Iparragirre herri eskolako guraso elkarteak eta udalak elkarlanean antolatu duten Zuhaitz Eguna.
Ez da gai honen inguruan bi elkarteok eta udalak elkarlanean egiten duten lehendabiziko ekimena. Izan ere, orain bi urte Basoa ondare izeneko jardunaldiak ere antolatu zituzten «herriarentzat basoak duen garrantzia» aztertzeko helburuarekin. Iaz, Idiazabalgo Udalak Artegietako herri lurretan ametz landareak (Quercus pirenaica) aldatu eta basoa hobetzeko proiektu bati ekin zion. Artegieta eta Txara inguruan dagoen ameztia zabaltzeko landare gehiago sartu ziren eta aurten, iaz hasitako lanari jarraipena emango diote Zuhaitz Egunaren aitzakian.
Auzolana oinarrian
Proiektuaren bigarren fase honetarako «interesgarritzat» jo dute antolakuntza lanetan dabiltzan elkarte eta erakundeetako ordezkariek «herritarrek ere auzolanean parte hartzea». Hala, Idiazabalgo mendi taldearekin eta eskolako guraso elkartearekin elkarlanean «ibilaldi berezi» bat antolatu dute iganderako. Ibilbidean ameztia zer den ikasteko aukera izango dute parte hartzen duten herritarrek. Landareak ere aldatuko dituzte auzolanean Artegietako herri lurretan eta «aitzurra eta pala» eramateko gomendioa luzatu dute antolatzaileek. Ibilaldian zehar, Luzia Urkiola Aranzadi zientzia elkarteko biologoak proiektuari buruzko azalpenak emango ditu eta bidean zehar «basoa ezagutarazteko helburuz» haurrentzako jolas bat ere egingo dute, mota honetako ekimenetan «haurren parte hartzea sustatzeko».
Ibilaldiak 6 kilometroko inguruko luzera izango du eta ia bere osotasunean Idiazabalgo herri lurretan barrena egingo da. Herriko plazan egin dute hitzordua 8:30ean, eta itzulera bazkalordurako aurreikusi dute. Hamaiketakoa norberak eramatea gomendatu dute.