CAFek hemeretzi Urbos tranbia egingo ditu Frantziako Tours hirirako
Eraikitzen ari diren bigarren tranbia linearako dira, eta 2028an martxan egotea espero dute.

CAFek kontratua sinatu du Turenako Syndicat des Mobilitésekin de Tourainerekin La Riche eta Chambray-lès-Tours udalerriak elkartuko dituen hiriko tranbiaren 2. linea izango denari zerbitzua emango dion flota berria hornitzeko. Akordioak hemeretzi Urbos tranbia eta parkeko piezak eta erreminta bereziak hornitzea jasotzen du.
Tranbia berriak gaur egun sareko 1. linean operatzen duten unitateen antzekoak izango dira diseinuari dagokionez. Irisgarritasuna errazteko zoru baxua, 42 metroko luzera eta 280 bidaiari arte garraiatzeko edukiera izango dute. “Diseinatzeko garaian, bidaiarien erosotasuna eta segurtasuna hartu dira kontuan, eta tranbia berri horietako bakoitzak erabilera anitzeko eremuak izango ditu. Horietan, haur-kotxeak, bizikletak eta gurpildun aulkiak uzteko toki zabala egongo da”, azaldu du CAFek.
Gainera, Tourseko tranbia-sareko zehaztapenetara egokituta egongo dira eta, hala, 2. linea berrian zein gaur egungo 1. linean zerbitzua eman ahal izango dute. Tranbiek energia barruan biltegiratzeko moduluak izango dituzte eta, horiei esker, erabat modu autonomoan zirkulatu ahal izango dute katenariaren beharrik gabe. Zehazki, Tourseko tren-geltokiaren eta hiriko erdigune historikoan dagoen Choiseul plazaren arteko 2 km inguruko tartean egin ahal izango dute hori. Horren bidez, katenaria bidezko soluzio tradizionalen aurrean, alternatiba egokia eskainiko da eta horrek hiriko paisaia mantentzen eta, aldi berean, azpiegituraren kostuak gutxitzen lagunduko du.
Intermodalitatea handitzea
Erdi Aroko Tours hiria ezaguna da bertako arkitektura gotikoagatik eta Loira ibarrera eta bertako gaztelu ospetsuetara iristeko sarbidea delako. Orain gutxi, gainera, hiriak tranbia- sarearen bigarren linea eraikitzeko proiektua abiarazi du. Linea berriak 12,5 km-ko luzera eta 22 geltoki izango ditu. Aurreikuspenen arabera, 2028an sartuko da zerbitzuan. Proiektu honekin jorratuko den erronketako bat da tranbiaren bi lineen eta autobus-lineen arteko intermodalitatea handitzea eta, aldi berean, mugikortasun modu aktiboak sustatzea, hala nola bizikleta eta oinez ibiltzea. Horretarako, bidegorriak eta oinezkoentzako espazio zabalak sortuko dituzte.
Tranbia-sarearen handitze horrekin, areagotu egingo da garraio-eskaintza, eta bereziki indartuko da metropoli eremuen arteko kohesioa; zehazki, azpiegitura berriak, bere ibilbidean zehar, bi ospitale, eskola-instalazioak eta unibertsitate-instalazioak (30.000 ikasle inguru biltzen dituzte), eta kulturarako, kirolerako eta aisialdirako instalazioak lotuko ditu.
Montpellier eta Marseillako metropoli eremuek CAF aukeratu ondoren, Beasaingo enpresak “beste arrakasta komertzial bat” lortu du Frantziako merkatuan bere Urbos gamarentzat. “Horretarako lagungarria izan da Frantzian eta Europako gainerako herrialdeetan garraio publikoa garatzearen aldeko giro ekonomikoa”, nabarmendu du.