Eskolarteko lasterketak eta Bizikleta Festa izango dira larunbatean
Goierri, Tolosaldea eta Andoaingo txirrindulari eskoletako kideek hartuko dute parte Eskolarteko probetan. Andoni Azkue eta Eire Balerdi segurarrak izango dira parte hartzaileen artean. Probak amaituta Bizikleta Festa egingo dute amaitzeko.

Segurako Txirrindulari Elkarteak 2025erako antolatu dituen lasterketen artean bigarrena jokatuko da larunbat honetan, Eskolarteko proba. Arratsaldeko 16:30ean hasita benjamin, kimu eta haurren mailako txirrindulariak ikusteko aukera izango da Segurako kaleetan. Benjamin mailan lehiarik gabeko hastapen proba egingo dute eta haurren eta kimuen mailetan lasterketa bana jokatuko da. Maila denetan neskak nahiz mutilak izango dira irteeran.
Probak Segurako herrigunean prestatuko den zirkuituan jokatuko dira. Ondorengo ibilbidea osatu beharko dute txirrindulariek: herriko plazan hasi, komentu ondotik Xesterialde auzora igo, bertatik Zerkalde kalea hartu eta Germaneneraino jaitsiko dira txirrindulariak. Ondoren, Kale Nagusian gora igoz plaza parean izango dute helmuga puntua. Kategorien arabera zirkuitu honi itzuli kopuru ezberdina eman beharko zaio. Buelta bakoitzak 1,3 kilometroko luzera du.
Sariak lasterketa bakoitzeko lehenengo hiru sailkatuek jasoko dituzte, baita herritarren artean ondoen sailkatutako txirrindulariek ere. Goierri, Tolosaldea eta Andoaingo txirrindulari eskoletako kideak etorriko dira Segurara. Tartean bi herritar ere izango dira Andoni Azkue eta Eire Balerdi.
Lasterketak martxan dauden bitartean proba pasako den kaleetako trafikoa eten egingo da. Lasterketa bakoitza amaitzean izango dute autoek herritik sartu edota ateratzeko aukera. Bidegurutzeak zaintzen egongo diren boluntarioak izango dira trafikoa bideratzeko arduradunak. Segurako Txirrindulari Elkarteak larunbat arratsaldean 16:00etatik 17:30era, ahal den neurrian, kotxea ez erabiltzeko deia egiten die herritarrei.
Ondoren, bizikleta festa
17:30ean, gaztetxoentzat bizikletarekin lotutako ekintza ezberdinak egingo dira Segurako plazan. Bizikleta Festaren barruan: bizikletaren gainean teknika hobetzeko ginkana eta bide segurtasuna eta herrian bizikletaz zirkulatzeko gomendio sorta.
Txirrindulari eskoletako kideek, nahiz herriko haurrek, izango dute bertan parte hartzeko aukera.Haur bakoitzak bere bizikleta eta kaskoa eraman beharko ditu.