Martxoaren 20ko grebara batzeko deia egin die Ikamak Goierriko ikasleei
Hezkuntza sistema propioa aldarrikatuko dute, Donostian.

«Euskal Herriak behar duen hezkuntza aldarrikatzeko», ikasleek kaleak hartuko dituzte ostegunean, hilak 20, Ikama ikasle antolakundeak deituta. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Lanbide Heziketan eta unibertsitatean deitu dute greba. Donostian mobilizatuko dira, ostegunean, 12:00etan, Boulevardetik abiatuta. Beasaingo eta Ordiziako tren geltokietatik autobusak joango dira, 10:30ean. Izena emateko aukera dago sare sozialen bidez.
Abenduan ezagutzera eman zuten Ikamaren proiektu politiko berria, Euskal Hezkuntza Sistema Publiko eta Komunitarioa hain zuzen, eta, orain, papereko aldarriak gizarteratuko dituzte, Hezkuntza bat Euskal Herrirako lelopean. «Euskal Herriko hezkuntza sistemak Espainiar eta Frantziar estatuek inposatuak» direla, eta «haien interesak betetzen» dituztela salatu du Ikamak. «Euskal Herriaren beharrei erantzungo dien hezkuntza» lortzeko, «Euskal Hezkuntza Sistema Propioa erdiestea da» bidea Ikamarentzat, eta horretarako, «Euskal Herriak independentzia» behar duela aldarrikatu dute.
«Zapalkuntza ekonomiko, kultural eta politikorik gabeko» hezkuntza bat izatea «ezinbestekoa» dela diote, «aukera berdintasuna» bermatzen duen «hezkuntza publikoa», eta ikaslea «erdigunean» jartzen duena. Hezkuntza «antikapitalista, feminista eta euskalduna» nahi dute.
Hori guztia aldarrikatzeko, Donostiako kaleak hartuko dituzte.