Ormaiztegiko emakumeen hizketaldi arrakastatsua
Urte luzez ostalaritzan eta merkataritzan lan egindako zazpi emakumerekin hitz-aspertua egin dute Gizarte etxean.

Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira egitarau oparoa antolatu dute Ormaiztegin udalak, Ormaiztegiko emakume sareak, Zumalakarregi museoak eta Oin harriak jubilatu elkarteak elkarlanean. Antolatu dituzten ekintzen artean, emakumeen arteko hizketaldia egin zuten ostiralean, Gizarte Etxean Zumalakarregi museoak gidatuta.
Aurten, Ormaiztegin urte luzez ostalaritza eta merkataritzan lan egindako zazpi emakume bildu ziren mahaiaren inguruan: Ramoni Urbiztondo, Lorea Lakunza, Iosune Begiristain, Maria Begiristain, Elena Ugalde, Mari Karmen Azpiazu eta Casilda Arnaiz.
Gizarte Etxea jendez bete zen ostiraleko ekitaldian, zazpi protagonisten kontakizunak bertatik bertara entzuteko. Ormaiztegira zerk eraman zituen, zein lan baldintza izan zituzten, ama izateak zer suposatu zien, bezeroekin izandako harremanak nolakoak izan ziren, bizitako pasadizoak eta beste hainbat kontu mahaigaineratu zituzten. Hizketaldia emakume langileei omenaldia egiteko ere baliatu zuten bide batez.