Amesgilearen zakua betetzen
Betzaida Urtaza legorretarraren Amesgile argitaletxea eskaintza handitzen ari da. Berrietan berriena, Antton Kazabonek idatzi eta Jokin Mitxelenak ilustratutako ‘Kaixo, xomorro’ da.

Amestu eta bidaiatu mundu berrietara. Horixe da Betzaida Urtaza Elizburu legorretarrak 2020. urtean sortu zuen Amesgile argitaletxearen helburua. «Ilusio handiarekin jaio den amets bat da, elkarrekin egiteko», nabarmentzen du Amesgile.com webgunean. Hazten jarraitzen du, argitaletxearen zakua betetzen, emozioak transmitituz eta landuz, eta autoreak erakarriz.
Batez ere haur literatura du oinarri. Urtazak berak idatzitako liburuak dira asko eta asko, «fantasiazko erreinuak, izar distiratsuz beteak, koloretako hodeiak, haurrek amestu, gozatu eta ikas dezaten nire ametsen bidez».
Baina beste idazle batzuen lanak ere argitaratzen ditu. Amesgile argitaletxearen liburu zerrendan berrietan berriena, Antton Kazabon eta Jokin Mitxelenak osatutako Kaixo, xomorro ipuina da. Maiuskulaz idatzia da, irakurle hasi berrientzat egokia. «Naturaz, lasaitasunez eta maitasunez betetako lana», dio legorretarrak. Emakume bat da protagonista eta bere desioa da haurdun geratzea, ama izatea. Hilabetez hilabete zer sentitzen duen kontatzen dute ipuinean.
Entzuteko ipuinak
Qr kodeari esker, Amesgile argitaletxeko ipuinak entzungarriak ere izaten dira. Kasu honetan ere, Urtazak berak jarri dio ahotsa, musikak eta naturako hotsak lagunduta. «Oso polita da, ezberdina da. Oso erlaxagarria da. Natura asko dago. Txoriak entzuten dira, ura… amatxo kantatzen…». Igandeko Gaintzako Periazokan jarri zuen lehenengo aldiz saltzen.
Kaixo, xomorro liburuaz gain, Beti bete zure ametsa liburuaren bigarren edizioa ere labetik atera berria da, agortuta zegoelako. «Lotsa lantzeko, familia, dibertsitatea musikaren bitartez, desberdinak garela, ametsak… Hau ere entzutekoa da, musika pila bat dauka».
Zuzeneko salmenta
Liburu gehiago ere etorriko dira urtea amaitzerako. «Euskal Herria eta Mexiko uztartzen dituen Arimen gaua eta El dia de los muertos delakoak. Herrimina eta lehengo ohiturak lantzeko…». Eta Mitologiaren bildumako laugarren zenbakia ere bai.
Sortze prozesu osoaz gain, salmentarena ere legorretarraren ardura izaten da, eta webgunean liburuak erosteko aukera badago ere, azokaz azoka ere ibiltzen da. «Zuzeneko salmentarekin egindako lana erakusteko oso baliagarria da. Postura datozenek ezagutu egiten naute, hitz egiten dugu, produktuak bertatik bertara ezagutzen dituzte… zuzeneko salmenta da egokiena niretzat».
Epe motzean, apirilean bi hitzordu ditu finkatuta: apirilaren 5ean, BBKren Zeid Festen BECen, Barakaldon, eta apirilaren 6an, Aramako Udaberriko azokan.