Argi Berri bertso sariketako bazkarirako sarrerak salgai
Txartelak 30 euro balio du eta martxoaren 26a da izena emateko azkeneko eguna.

Martxoaren 29an Ordizian, Argi Berri elkartean hasiko da Gabiriako Osinalde Sarirako kanporaketen zikloa. Aldaketekin dator gainera aurten bertsolari gazteen 27. Argi Berri saria: gaueko planaren ordez, eguneko plana antolatu dute.
Trikipoteoarekin hasiko dute eguna, 13:00etan, Buztuntza auzoan, Argi Berri elkartetik hasita. 14:00etan bazkaria egingo dute, eta 16:00etan bertso saioa.
Sei bertsolari gazte
Sei bertsolari gazte arituko dira lehian: Mikel Etxezarreta (Olaberria), Libe Goenaga (Getaria, Gipuzkoa), Danel Herrarte (Aramaio, Araba), Haira Aizpurua (Sara, Lapurdi), Irantzu Idoate (Hazparne, Lapurdi) eta Maite Sarasola (Deustu, Bizkaia).
Bazkarirako txartelak 30 euro balio du eta martxoaren 26a da izena emateko azkeneko eguna (688 698 858).
Finala apirilaren 26an
Gabiriako Osinaldeko finalaren aurretik, beste bi kanporaketa gehiago ere jokatuko dira: apirilaren 5ean, Zaldibiako Osinberde saria, eta apirilaren 12an, Aztiri Saria, Gabiriako Aztiria auzoan. Beste goierritar bat ere ariko da sariketan: June Aiestaran beasaindarra Aztirian ariko da.