Emakumezkoen txirrindularitzak hartuko ditu errepideak
Emakumezkoen V. Igartzako Saria jokatuko da igandean. Espainiako Cofidis Emakumezkoen Kopako bigarren proba da.

Emakumezkoen V. Igartzako Saria jokatuko da igandean Beasainen. Espainiako Kopako lasterketa izango da honako hau, eta Espainiako estatu osotik etorriko dira txirrindulariak Goierrira.
Denera 468 txirrindularik hartuko dute parte, hiru mailatan banatuta: kadeteak (143), junior master (151) eta elite-23 urtez azpiko (173). Goierriko Zatika taldeko txirrindulariek ere Beasainen izango dira. 2023. urteko Kopa irabazi zuen Oneka Sanchez beasaindarra ere tartean izango da.
23,4 kilometroko ibilbidea prestatu du Beasaingo Loinatz Txirrindulari Elkarteak eta maila bakoitzeko txirrindulariek ibilbide honi itzuli bat, bi edo hiru eman behar izango dizkio. Kadete mailakoek itzuli bat emango diote; junior eta master mailakoek, berriz, bi itzuli emango dituzte ibilbide horretan, 48,1 kilometro osatu arte; eta 23 urtez azpikoek eta elite mailakoek, aldiz, 73 kilometro egingo dituzte, hiru itzuli eginez ibilbide horretan.
Ibilbideak Beasain izango ditu abiapuntu eta helmuga, baina Goierriko zenbait txokotatik igaroko da, izan ere, Beasaindik abiatu eta Ormaiztegira joango dira txirrindulariak, ondoren, Lierni igo eta Mutiloara jaitsiko dira, eta bertatik, Ihurretik pasaz, Olaberria igoko dute. Lazkao aldetik jaitsi eta Beasainen emango diote amaiera itzuliari.
Zazpitik, bigarrena
Martxoaren 2an, Nojan (Kantabrian) eman zioten hasiera emakumezkoen Espainiako Cofidis Kopari, eta zazpi lasterketek osatuko dute aurtengo egutegia. Beasainen eta Goierriko errepideetan jokatuko dena, bigarren proba izango da. Horren ondoren, ondorengo lasterketekin erabakiko dira aurtengo txapeldunak: martxoak 29, Betanzos (A Coruña); martxoak 30, Pontevedra; ekainak 7, Lizarra (Nafarroa); ekainak 14, Abanilla (Kantabria); eta uztailak 12, Leon.