Motxiladun haurren bizipenak, Gerrikon
'Berriketan' zikloko hirugarren eta azken saioa Eztizen Artola bilbotarrarekin egingo dute.

Gaur izango da Gerriko elkarteak antolatutako Haur motxiladunek uzten al diote haur izateari? Eta motxiladun izateari? zikloaren barruko hirugarren eta azken saioa. Eztizen Artola Iturrate bilbotarrak gidatuko du hitzaldia, Espetxera bideko jatetxe gida izenburupean. 18:30ean bilduko dira Gerriko txokoan. Bertan, haur motxiladunek eta haien familiek kartzelara bidaian izandako esperientziak izango dituzte hizpide, espetxeetara egindako joan-etorriek haurren haurtzaroan eta oroitzapenean utzitako arrastoak aztertuz.
Artolak ederki daki zertaz ari den. Izan ere, espetxeetako bisiten errutinak markatu zuen bere haurtzaroa eta nerabezaroaren lehen aroa, aita ikusteko bidaia luzeak eginez. Haur motxiladuna izan da, eta begirada horretatik idatzi du euskal preso politikoen senideek bizi izandakoa Gurpilak eleberrian. Haren hitzetan, euskal gatazkaz eta espetxeaz aritzean, «gizonezkoak izan dira orain arte kontakizunen erdigunean», eta bera, «aspertuta bezain nekatuta» zegoen errelato horretan bere burua «inon ez topatzeaz». Horretarako baliatu du liburua, hain zuzen «ertz guztiei ahotsa emateko».
Argitaratzen duen aurreneko eleberria da hau, eta esperientzia pertsonalak ez ezik, umetan gurasoak urruneko espetxeetan izan dituzten beste hainbat lagunek kontatutakoa ere baliatu du horretarako; fikzioa sortzeko erabili du errealitate hori guztia.
Zazpi urteko bidaia
Orain 26 urte baditu ere, Artolak 13 urte zituenean utzi zuten aske haren aita, 2013an. Gertakizun horrekin hasten du kontakizuna: Ihintza izeneko neska gaztearen ikuspegitik, egun hartako euforia, kaosa, inprobisazioa eta beldur nahasketa deskribatzen ditu. Zazpi urteko bidaia bat egiten du, 6 urtetik 13 urtera arteko oroitzapenetan barneratzen dena; denboran atzera eta aurrera egiten du, sakabanaketaren zama eta inguru hurbileko emakumeen sufrimendua islatuta. Gertutasunetik eta samurtasunetik idatzitako lana da, minaren arrastoak ez ezik, maitasunaren eta erresistentziaren harilak ere ehuntzen dituena.