UZ Trail mendi lasterketan inoiz baino emakume gehiagok parte hartuko dute
Urretxu eta Zumarragako mendi lasterketa igandean izango da, hiru ibilbiderekin. Partaideen ia laurdena emakumezkoa izango da.

Igandean UZ Trail lasterketaren hamaikagarren edizioa egingo dute Urretxu eta Zumarragako mendietan. Azken urteetan bezala, hiru ibilbide egongo dira: 23,4 kilometrokoa, 12,1 kilometrokoa eta 6 kilometrokoa. Bi luzeenak Goierri Koparako puntuagarriak izango dira. Emakumezkoen parte hartzea inoizko altuena izango da: parte hartzaileen ia %25 emakumezkoa izango da.
Ibilbide luzeko korrikalariak 09:00etan abiatuko dira Areizaga-Kalebarren plazatik. Izazpira igoko dira, herrira jaitsiko dira, ondoren Irimora igoko dira eta helmugara jaitsiko dira.
Ibilbide ertaineko korrikalariak, berriz, 09:30ean abiatuko dira. Izazpira igoko dira eta ondoren herrira jaitsiko dira. Ibilbide motzeko korrikalariak ere 09:30ean abiatuko dira. Belokira igoko dira eta ondoren herrira jaitsiko dira. Bi lasterketa luzeenetan 18 urtetik gorakoek bakarrik parte har dezakete.
UZ Trail gaur aurkeztu dute, Urretxuko udaletxean. Ekitaldian Patxi Catalan antolatzaileak, Maialen Fidalgo Urretxuko zinegotziak eta Joseba Angulo Zumarragako kirol zerbitzuetako buruak parte hartu dute.
Fidalgok UZ Trail goraipatu du, auzolanean antolatzen delako eta kanpotarrak erakartzen dituelako. Hori dela eta, antolatzaileei eskerrak eman dizkie.
Catalanek emakumeen parte hartzea azpimarratu du. «100 parte hartzaile emakumezkoak izango dira, ia %25a. Lasterketa luzean %18 emakumezkoak izango dira, ertainean %26 eta motzean %46».
Dortsal guztiak saldu dituzte. «Ez dugu parte hartzaile kopurua igo nahi, korrikalariei arreta ona eskaini nahi baitiegu». Boluntarioei eskerrak eman dizkie. «Bidegurutze bakoitzean boluntario bat egoten da. Iaz oso eguraldi txarra egin zuen eta oso gaizki pasa zuten. Hala ere, aurten ere laguntzeko prest agertu dira». Bi udalei ere eskerrak eman dizkie.
Angulok ere eskerrak eman dizkie antolatzaileei. Eta lasterketan parte hartuko ez dutenak argazki lehiaketan parte hartzera animatu ditu. Pertsona bakoitzak bost argazki aurkeztu ditzake gehienez. Argazkiaelkartea@gmail.com helbidera bidali behar dira, martxoaren 26ko 14:00ak baino lehen.