Lazkao Txikiri gorazarre, hil zenetik 32 urtera
Apirilaren 6an egingo dute ‘Lazkao Txiki gogoan’ ekitaldia. Musika eskolak, dantza taldeak, Bakuntzak eta Goierriko Bertso Eskolak hartuko dute parte. Bertso bazkaria egingo dute ondoren, Ane Labakarekin eta Nerea Elustondorekin.

Goierriko eta Euskal Herriko bertsolari ezagunenetako eta maitatuenetako bat izan zen Joxemiel Iztueta Kortajarena Lazkao Txiki. 1993ko apirilaren 3an Donostian hil zen arren, oraindik ere, gaurkotasun handia dute Lazkao Txikiren esanek, bertsoek eta ateraldiek; maitasun horren lekuko izan dira, besteak beste, harrezkeroztik jaioterrian lazkaotarrek bertsolari, zirtolari, kontalari eta herrikide maitatua izan zena gogoratzeko egin dituzten ekimen zein ekitaldiak. Datorren apirilaren 6an, igandea, beste urte batez egingo dute Lazkao Txiki gogoan ekimen berezia.
Ohiko formatuan egingo diote gorazarre lazkaotarrari: 12:30ean izango da ekitaldia, haren eskulturaren aurrean, Lazkao Txiki Zelaian. Gerriko kultur elkarteak Lazkao Txiki musika eskolarekin, Oin Arin dantza taldearekin, Bakuntza taldearekin eta Goierriko Bertso Eskolarekin batera antolatutako ekimena izango da.
Dantza, musika eta bertsoak tartekatuko dituzte, eta hark botatako bertsoetako batzuk ere ekarriko dituzte gogora. Ondoren, bertso bazkaria egingo dute Gerriko elkartean, 14:00etan, eta Ane Labaka Mayoz lasartearra eta Nerea Elustondo Plazaola legazpiarra ariko dira bertsotan. Bazkarirako, izena aurrez eman beharko dute interesdunek, apirilaren 1a baino lehen, 688 822 871 zenbakira deituta edo gerrikokultura@gmail.com helbide elektronikora idatzita.
Bertsoa bidelagun
Lazkao Txiki 1926an jaio zen, Lazkaomendiko Abalinzahar baserrian. Filosofoa zen berez, sormen handikoa, eta irakurtzea asko gustatzen zitzaion arren, bertsotan igaro zuen bizitza osoa. 1942an, lehen plaza egin zuen bertsotan, Legorretan. Plazetan hasi zenean Iztueta deitzen zioten; ataundar batek jarri zion, baina, segituan Lazkao Txiki izengoitia. Ordutik, txapelketa eta bertso-saio asko irabazi zituen, 1964an Tolosan jokatutako Gipuzkoako Txapelketako txapeldun izatea lortu zuen arte. Hurrengo urtean, 1965ean, Euskal Herriko txapeldunorde ere izatea lortu zuen, Uztapideren atzetik.
Bizitza osoa bertsotan eman bazuen ere, 1993ko urtarrilaren 24an kantatu zuen, azken aldiz, jende aurrean, Santi Onaindiaren eta Alfonso Irigoienen Donostiako omenaldian. Egun gutxitara, bihotzean ebakuntza bat egin zioten Donostiako Poliklinikan, baina ez zen anestesiatik esnatu, eta denbora batez koman egon ondoren, martxo bukaeran Matia egoitzara eraman eta apirilaren 3an hil zen.
Plaka oroigarria, etxean
2022an, Lazkao Txiki hil zela 29 urte bete zirenean, urteko ohiturei jarraipena emateaz gain, Lazkao eta Zaldibiako zenbait herritarrek bertsolari maitatua jaio zen Lazkaomendiko Abalin baserrira txangoa egin zuten, oroigarri-plaka bat haren baserrian jartzeko. Hura bistarazi zuten bertan egindako ekitaldi nagusian: Abaliñe baserria, nere haurtzaro oso-osoan gorde niñuzun kabia idazpurua du.