Lorteken lana hurbilduko du Itsaso Bolinagak, Lemniskataren eskutik
Ostiralean izango da hitzordua, Igartza jauregian, 19:00etan.

Lemniskata zientzia sare herrikoiak antolatutako Made in Goierri zikloaren baitan, hirugarren saioa izango da gaur, arratsaldeko 19:00etan hasita, Beasaingo Igartza Jauregian. Oraingo honetan, Itsaso Bolinaga Saldañak eskainiko du hitzaldia. Bolinaga Leinnen graduatua da Mondragon Unibertsitatean, eta gaur egun Lortek enpresan ari da lanean, Ordizian, Negozio Garapenaren arloan, taldeak eta proiektuak kudeatzen.
Lortek. Zer da eta zer egiten du hitzaldiaren izenburuak iragartzen duenez, Lortek zer den eta gaur egun zer egiten duen jakinaraziko du ordiziarrak. Saioan, zentro honetan garatzen ari diren proiektu estrategikoak ekarriko ditu hizpidera, baita enpresa berrien sorreran eta artxiboen kudeaketan duen inplikazioa ere.
Lortek Ordizian egoitza duen zentro teknologiko pribatu bat da, eta fabrikazio-prozesuen digitalizazioan goi-mailako ezagutza sortzen du, industria-ehunera transferitzeko eta, horrela, lehiakortasuna eta iraunkortasuna hobetzen laguntzeko.