Robotak Ederrena pilotalekuan
UGLE eskolak Azoka Teknologikoa antolatu du aste honetarako. Astelehenean eta asteartean Legazpin egin zuten eta gaur (osteguna) eta bihar (ostirala) Urretxuko Ederrena pilotalekuan. Eskualdeko enpresen beharrekin lerrokatuta dagoen teknologia herritarrei erakusteko bideratuta dago azoka hau. Bihar 08:30etik 13:00era eta 15:00etatik 18:00etara irekiko dute.
Guztira bost stand jarri dituzte. Industria Adimendunari eskainitakoa da bat, eta bertan, enpresa automatizatu baten simulazioa egiten dute, robot autonomoak (AMR), COBOTak, 2D/3D eta IoT PLC ikusmen-kamerak erabiliz. Bigarren standa mekanizazio eta 3D inprimaketa gunea da, eta horretan, fabrikazio aditiboa eta elikadura robotikoa eta ikusmen artifiziala dituen mekanizazio zelula bat aztertzen dira. Hirugarrena, automatizazio gunea da, eta bertan, pneumatika, hidraulika, erregulazio sistema eta robotika arloetako teknologiak erakusten dituzte. Laugarrena jokoei eskaini diote, errealitate areagotuarekin, birtualarekin eta programazioa Python-ekin esperimentatu daiteke. Bosgarren gunean, automozioa eta ortoprotesika arloak lantzen dituzte.














