Euskaratik abiatuta Euskal Herria eraiki
Martxoaren 24tik 30era egingo dute aurten 28. Iparra-Hegoa kultur astea Seguran. ‘Ele-berriak’ izenburupean, euskaldun berriei aitortza egingo diete aurtengo edizioan.

Ele-berriak izenburupean egingo dute 28. Iparra-Hegoa aurten, Seguran. Martxoaren 24an, astelehena, hasita; martxoaren 30era bitartean luzatuko da kultur astea euskaldun berriei aitortza egiteko baliatuko dutena. Izan ere, «nahi dugun Euskal Herria euskaraz eraiki ahal izateko sekulako garrantzia dute euskaldun berriek. Etorkizuneko Euskal Herria euskalduna izatea nahi badugu ezinbestekoa da ez dakitenek euskara ikastea», azpimarratu du Euri Albizu Iparra-Hegoako kideak.
Euskal Herriko bi muturretako euskaldun berriak izango dira protagonista martxoaren 30eko Gereziondoko ekitaldian, «Baionako (Lapurdi) eta Tuterako (Nafarroa) AEK-ko ikasleak gonbidatu ditugu; argi dago periferiatan are zailagoa dela euskaraz ikasi edo bizitzea», azpimarratu du. Tokian tokiko euskararen egoeraz mintzatuko dira azken ekitaldi horretan, zerk eraman dituen euskara ikastera edo zer suposatu duen beraientzat kontatuko dute.
Erabileraren kezkaz
Baina, herri euskaldunagoetan euskararen erabilera gutxitzen ari dela eta ere sortu da kezka. Horregatik, euskaldun berriei aitortza egiteaz gain, euskara ikastera animatzeko eta euskaraz aritzeko «jendearen kontzientzietan eragitea» ere badu helburu aurtengo Iparra-Hegoak. «Gaztelerarako joera gero eta handiagoa da eta Euskal Herrian bizitzeko euskara beharrezkoa ez dela iruditzen zaie batzuei, ikastea ez dela derrigorrezkoa. Zentzu horretan, indarra egin beharrean gaudela iruditzen zaigu», hausnartu du.
Astean zeharreko ekintzen artean, euskara oinarri izango duten bi hitzaldi antolatu dituzte. Lehenengoan, —Euskaldun berriak euskara biziberritzeko— Kike Amonarriz soziolinguistak, Beñat Pomadere AEK-ko irakasleak eta helduaroan euskaldundu diren Aritz Branton, Tatiana Carmona Lopez eta Marc Thierry Vignolo —azken biak Seguran bizi dira— hartuko dute parte. Bigarrenean —Euskalduntzea gizarte likidoan—, gaur egun euskalduntzeak dituen zailtasunak aztertuko dituzte Andrea Bella, Nerea Filliat eta Intza Gurrutxagak.
Ikusi 28. Iparra-Hegoako egitaraua osorik hemen.
Iparra-Hegoa kultur asteko beste ezaugarri nagusietako bat dira Iparraldeko eta Segurako ikasleen arteko topaketak. Urtero bezala Urruñako ikastolako eta Baionako Etxerape Lizeoko ikasleen bisita jasoko dute aurten ere Seguran. «Oso positibotzat» baloratu dituzte topaketa hauek antolakuntzatik.
Urruñako ikastolako 22 haur izango dira Seguran astelehenetik asteartera eta Segurako eskolako haurrekin elkar ezagutzeko ekintzak egingo dituzte, «bertako haurrek grina eta gogoa izaten dute Urrruñako ikasleak ezagutzeko eta beste errealitate batzuetara gerturatzeko», dio Albizuk.
Bestalde, osteguna eta ostirala artean Etxepare Lizeoko 150 gazte gerturatuko dira Segurara. «Bertako ekintzetan parte hartzeaz gainera ekarpen handia egiten dute antolakuntzan parte hartuz». Urteetan mantentzen diren harremanak sortzen dituzte euren artean, eta bestelako eraginik ere badu, «azken urteetan hegoaldeko unibertsitateetan matrikulatzen diren Iparraldeko ikasleen kopuruan gora egin du nabarmen. Uste dugu topaketek eragina badutela horretan», amaitu du.