Elikagaiei buruzko hausnarketak irekiko du ‘Jakintzen hibridazioa’ zikloa Igartubeitin
Biziolarekin elkarlanean izango da saioa, ostiralean. Lanbide tradizionalei buruzkoa izango da aurtengo zikloa. Parte hartzeko izen ematea irekita dago jada Igartubeitin.

Igartubeiti baserri museoak Patrim 4.0 proiektuaren baitan, Jakintzen hibridazioa ekimena egingo du aurten ere. Biziola nekazari kooperatibarekin batera, Jateko aukeratzen dugunaren aztarna merienda tertuliak irekiko du zikloa, ostiralean 17:00etan. Tokiko produktuak dastatzeko aukera izango da jardueran zehar eta «elikagai erabakiek ingurumenean, tokiko ekonomian, gizartean eta kulturan duten eraginari buruz» hausnartzeko tartea ere irekiko dute.
Patrim 4.0 proiektuak, Euskal Herriko, Espainiako eta Frantziako museo, ekomuseo, interpretazio zentro eta unibertsitateen arteko mugaz gaindiko lankidetzaren bitartez Pirinioetako kultura ondarea sustatzea du helburu. Hori horrela, Igartubeiti museoak Saint-Laryko (Okzitania, Frantzia) turismo bulegoarekin eta Ayerbeko Udalarekin (Huesca, Espainia) elkarlanean antolatu du aurten, Jakintzen hibridazioa zikloa.
Programa ibiltaria
Hiru erakundeen artean antolatutako zikloa ibiltaria izango da eta Ezkion ez ezik, Saint-Laryn eta Ayerben ere egingo dituzte antzeko ekimenak. Lurraldeen arteko «lankidetza izpiritua» eta «jakintza tradizionalen transmisioarekiko konpromisoaren isla» da programa. Ostiralean, Igartubeitin emango diote hasiera zikloari. Ezkioko museoan beste hainbat jarduera ere antolatu dituzte datozen hilabeteei begira; hala, saskigintza tradizionalari buruzko jarduera antolatuko dute apirilaren 12an eta latxa artileari buruzko beste bat, azaroaren 15ean. Hain zuzen, azken saio hau izango da zikloa ixteaz arduratuko dena.
Aurtengo Jakintzen hibridazioa zikloa lanbide tradizionalei eskaini diote. Bide batez, lanbide tradizional hauek «mundu garaikidean duten iraupenari buruzko hausnarketa» sustatu nahi da, baita «ikaskuntza espazioak» sortu ere. Zikloaren baitako ekintzak «herritarrei irekitako saioak» izango dira eta bertako artisau, artista eta nekazariek eskainiko dituzte. «Saskigintza, zeramika, elikadura, ehun diseinua, artea, dantza, erlezaintza edo bitxigintza» bezalako gaiak jorratuko dira, orotara.
Ostiraleko jardueran parte hartzeko aurrez izena eman behar da. 17:00etatik 19:00etara burutuko da Igartubeitin. Posta elektroniko bidez —igartubeiti@gipuzkoa.eus— whatsapp-ez mezu bat bidalita, —618 004 131—edo telefonoz —943 72 29 78— eman daiteke izena.