Ortega y Gasset Kazetaritza Saria Mikel Aiestaranentzat
Multimedia estaldura onenaren Ortega y Gasset saria da kazetari beasaindarrari emango diotena, maiatzaren 5ean Bartzelonan izango den sari emate ekitaldian. Gazan bizi den familia baten eguneko otordua argitaratuz, gerrari buruzko kontakizuna egiten du Instagram sare sozialean, eta gosea gerrako arma bat dela salatu nahi du.

Adimen artifizialaren eta azaleko edukien ugaritzeak markatutako testuinguru mediatiko batean, egia eta kalitate informatiboarekin konprometitutako kazetariaren figurak are garrantzi handiagoa hartzen du. Desinformazioak eta sakontasunik gabeko albisteek espazio digitalak betetzen dituzten mundu honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da zorroztasuna eta etika defendatzen duten profesionalen lana aitortzea. Agertoki horretan jakinarazi dute, 2025 urteko Ortega y Gasset Kazetaritza Saria, Mikel Aiestaranentzat (Beasain, 1975) dela, gero eta erronka handiagoa egiten duen komunikazio-panoraman duen bikaintasuna aitortzeko. Sari emate ekitaldia maiatzaren 5ean izango da, Bartzelonan.
Multimedia estaldura onenaren Ortega y Gasset saria da Aiestaran kazetariari emango diotena, hain zuzen ere, Gazako gerrari buruz, Instagramen egindako lanagatik. Duela urtebete baino gehiagotik, kazetariak familia gazatar baten eguneroko menuaren irudiak argitaratzen ditu sare sozialean. Argazkiekin batera datozen testuetan, Gazan bizitzea bihurtu den infernua kontatzen du beasaindarrak: ur edangarriaren eta janariaren eskasia edo falta, ziurgabetasun testuinguru horretan bizitzeak sortzen duen egoera, etsipena eta egunero planteatzen duen galdera bat deskribatzen dira: zer izango da hurrengoa izugarrikeriaren eskalada honetan? Gosea gerrako arma bat gehiago dela salatu nahi du Aiestaranek.
Epaimahaiak nabarmendu duenez, «oso modu originalean kontatu den istorio baten kontakizunean baliabideen erabilera adimentsua egin da. Familia honen eguneroko menuek, Gazako biztanleen nekea eta duintasuna uztartzen dituzte. Ez da erraza sare sozialen bidez istorio bat ondo kontatzea. Hemen eguneroko jarraipena duen kazetaritza lanaren bidez lortzen da, kontakizunaren parte den errepikapen baten bidez, arnas luzeko formularen bidez, istorioari arima ematen dion estilo zuzen baten bidez. Irudiek, gutxieneko testu batekin batera, Gazako eguneroko bizitzaren gordintasuna deskribatzen dute».
Ortega y Gasset Kazetaritza Sarietako 42. edizio honetako beste hiru sarituak izan dira, Isabel Coello tratu txarrei buruzko podkast batengatik; Oscar Corral, Valentziako suhiltzaileen argazki batengatik; eta Jorge Ramos, Estatu Batuetako latinoen ahotsa izan den aurkezlea.
Ibilbidea
Beasainen jaioa, oso gaztetatik, ikasketak eta bidaiatzeko grina uztartu zituen Mikel Aiestaranek. El Faro de Ceuta egunkarian eman zituen lehen urratsak profesional gisa. 2005ean, El Diario Vasco egunkarian hamarkada bat eman ondoren, erredakzioko lana uztea erabaki zuen, eta freelance gisa hasi zuen abentura, Ekialde Hurbileko gatazka irekietan murgilduz. 2006an izan zuen bere lehen esperientzia gatazka eremuan, Israelek Libano inbaditu zuenean, hain zuzen ere. Iran, Irak, Afganistan eta Pakistan ere hartzen zituen bere lan eremuak. Israelera eta Lurralde Palestinarretara bidaiatu du krisiak izan direnean, eta Israelek Gazako Zerrendaren aurka 2008 eta 2014 artean egindako hiru erasoaldi estali ditu. 2011n, udaberri arabiarra iritsi zenean, Tunisia, Egipto, Libia, Yemen eta Siria zeharkatu zituen.
2015az geroztik, Jerusalemen bizi da familiarekin batera, bertan multimedia kazetari gisa lan egiten du eta eskualde osoa hartzen du.
EITB euskal irrati telebista publikoarekin eta Vocento taldearekin kolaboratzen du, eta 5W nazioarteko informazioko kazetaritza-plataformaren talde fundatzaileko kide da. Eremu hauek estaltzen ditu gaur egun: Tunisia, Libia, Egipto, Yemen, India, Israel, Palestina, Libano, Afganistan, Irak, Pakistan, Iran, Egipto, Georgia eta Siria.
2022ko hasieran, errusiarrek Ukraina inbaditu zutenean, Ayestaran Kievera joan zen kazetaritza-kronikak egitera.
Komunikabide desberdinen bidez komunikatzeaz gain, liburuak ere argitaratu ditu. Bere azkeneko lana, Historias de Gaza (Planetadelibros, 2025) izan da. Aurretik, Guerras de ayer y de hoy (Mikel Ayestaran – Ramon Lobo, 5W, 2016), Gaza, cuna de martires (UOC, 2016), Oriente Medio, Oriente roto (Ediciones Peninsula, 2017), Ekialde Hurbila, Muinak Eta Ertzak (Mikel Ayestaran – Ane Irazabal – Karlos Zurutuza, Elkar argitaletxea, 2017), Las cenizas del califato (Ediciones Peninsula, 2018), eta Jerusalen, santa y cautiva (Ediciones Peninsula, 2021 ).
Bere ibilbidean zehar egindako lanak, makina bat errekonozimendu eman dizkio. Kazetari gazteen Manuel Alcantara saria irabazi zuen 2005 urtean, Prentsaren Nazioarteko Klubaren saria jaso zuen 2009an, Periodista Vasco saria jaso zuen 2015ean, Kazetaritza digitalaren Jose Manuel Poquet saria 2016ean, Manu Leguineche Katedra 2017an, Ignacio Ellacuria Kooperazio saria 2019an eta Irrati eta Telebista Profesionalen Elkarteak Airean saria eman zion 2021ean.
Sari konpartitua
Egunero bezala, Gazako eguneko menuaren argazkia argitaratu du Aiestaranek, gaur ere. Babarrun zuriak eta arroza egin ditu Amalek jateko. Sari honek suposatzen duen errekonozimenduaren poza, eguneroko kezkekin eta beldurrekin nahasten dira gaur. Honela osatu du kazetari beasaindarrak Gazako eguneko kronika, bere Instagrameko kanalean: «Ramadama Gaza. Babarrun zuriak eta arroza. Amal gerra egun txarrenetako oinarrizko dietara itzuli da, blokeo osoaren eta bonben azpian. Gazako menuaren seriea 2025eko Ortega y Gasset Kazetaritza Saria da, eta Amalen etxean bizirik jarraitzen dutela ospatzen ari dira, nahiz eta une batzuetan ez duten ulertzen horrela jarraitzearen zentzua. Sari hau menuko familia osoarentzat da, egunero Amalen leihora agertzen direnena, plater bat iristen ez den bakoitzean arnasa hartzen dutenena, lagundu nahi dutenena, seme-alabei etxean janaria amaitzeko esaten dietenena Gazan ezer ere ez dutelako, lerro hauek begietan malko bat dutela irakurtzen dituztenena,… Eskerrik asko, beraz, amal@kayed_hammad, @dalia.k.hammad @monjed_hammad Mohamed eta Omar, ziur zure amaren plater bakoitza goitik jarraitzen duzula. Eskerrik asko, eskerrik asko!».
View this post on Instagram