Segurako Udalak 4,5 milioi euroko aurrekontua onartu du 2025erako
Inoizko aurrekonturik handiena da, iaz baino 2 milioi gehiagorekin. Inbertsioetara 2,3 milioi euro bideratuko dituzte, orotara. Aurrekontua EH Bilduren aldeko botoekin onartu dute.

Segurako Udalak 4,5 milioi euroko aurrekontua izango du 2025 urterako. Inbertsio garrantzitsuak pilatu zaizkie aurten, eta horren eraginez hazi da, eta nabarmen, ohiko udal aurrekontua, «ia 2 milioi euro gehiago», zehaztu du Izarra Urdalleta Segurako alkateak. Udal aurrekontua martxoaren 12ko osoko bilkuran onartu dute, EH Bilduren aldeko bozkekin. EAJ abstenitu egin da.
Inbertsioetara bideratutako poltsa nabarmen hazi da Segurako Udaleko udal aurrekontuetan eta hori da, zentzu handi batean, udal aurrekontua bere osotasunean baldintzatuko duena. «Diru laguntza kate bat lortu dugu eta ezartzen dituzten baldintzen artean, proiektu horien exekuzioak 2025ean burutu beharrekoak dira», zehaztu du Urdalletak. Hala, 2,3 milioi euro suposatuko dute guztira 2025eko inbertsioek, «horien %50a baina zerbait gehiago diru publikoarekin finantzatuko dira; gainontzekoa ordaintzeko kreditu bat eskatuko du udalak», azaldu du.
Aurreikusitako proiektu nagusien artean «anbulatorioko berrikuntza lanak, kaleko argiteria publikoa aldatzea, futbol zelaiko belarra berritzea, igerilekuko inguruak txukuntzea eta Lardizabal jauregiko obrak amaitzea», azpimarratu ditu alkateak.
Ingurumenaren ikuspegitik, anbulatorio berritua gaur egungoa baino eraginkorragoa izango da. «Barruko isolamendua aldatuko dugu eta berokuntza sistema aldatu», zehaztu du Urdalletak. Gaur egun dagoen gasoliozko berokuntza sistema kendu eta aerotermiarekin funtzionatzen duen modernoago bat jarriko dute anbulatorioan. Isolamendua eraginkorragoa izan dadin, leihoak ere berritu dituzte. Lanek, guztira, 230.000 euroko aurrekontua dute.
Aurreko urteetan hasitako lanari jarraipena emango diote aurten, eta herrian aldatzeko falta diren kaleko argiteria guztiak led sistemara pasatuko dituzte, «Maduran eta herrigunean», izango dira, batez ere, jarduera nagusienak. Aurrekontuko 132.000 euro gastatuko dituzte lan hauetan.
Belar artifizial berria
Futbol taldeak aspaldi egina zuen futbol zelaiko belarra aldatzeko eskaera udalean eta aurten, azkenean, gauzatuko den lanetako bat izango da. Udalak futbol zelaiko belarra aldatzearekin batera, eremu berean kokatuta dagoen Oxiña igerilekuko ingurua txukuntzeko asmoa ere badauka. Iaz, igerilekuko putzua berritu zuten eta aurten osatuko dituzte hasitako berrikuntzak. Futbol zelaiko belar artifizialak 230.000 euroko kostua du; baina asmoa egon badagoen arren, igerilekuan zer egingo den zehaztu gabe daukate oraindik, «proiektu bat idatzita dago eta aurrekontu bat ere badaukagu, baina oraindik ez dagi guztiz itxita», esan du alkateak.
Udaletxea kokatzen den Lardizabal jauregiko berrikuntza lanak amaituko diren urtea ere izango da 2025a. Iazko urrian hasi zituzten, azkenean, lanak eta aurten amaituko direla esan du alkateak, datarik zehazteko ausardiarik gabe. Guztiarekin, lanak «oso aurreratuta» daudela esan du, «eraikin guztiaren isolamendu gehiena jarrita dago dagoeneko, elektrikariak lanean ari dira eta igogailua jartzeko lanak ere aurreratuta daude», dio. Lardizabal jauregiko lanek Europako funtsen diru laguntza dute, 400.000 euro inguru, guztira. Lardizabal jauregiko lanak direla eta, udaletxeak kultur etxeko eraikinean ematen du zerbitzua orain urte bete ingurutik.
Bestelako gastuak
Gastuen atalari dagokionean, 660.000 euro pertsonal gastuetara bideratuko dituzte eta 1.540.000 izango dira bestelako gastuetarako. Horien artean, 53.000 euro parekidetasun proiektuetarako aurreikusi dituzte, tartean urtea hastearekin batera sortu den Emakumeen sarea proiekturako. Emakumeen sarea «ez da talde feminista bat, profil eta jatorri ezberdinetako emakumeen gune bat da, Segurako emakume guztiei zuzendutako lanketa eta ekimen ezberdinak aurrera eramateko», zehaztu du alkateak. Alor honetan gaztelekuarekin eta eskolarekin egiten dituzten lanketak ere azpimarratu ditu Urdalletak.
Gizarte eta ongizate atalak 183.000 euroko aurrekontua izango du. Garatuko diren ekintzen artean, adineko pertsonekin iaz hasitako proiektuari jarraipena emango diotela aurreratu du alkateak. «Eskola, adinekoen egoitza eta jubilatu elkartearen saretzea bultzatuko da ekintza ezberdinen bitartez, hasiera batean, udalak bitartekari lanak egingo dituelarik», esan du. Bestalde, kanpotik Segurara bizitzera datozen horientzako Harrera plan bat ere egingo dute, «udalak bestelako talde eragileekin landutako plan bat izango da, idatziz txukun jasota utziko dena; udalak ez ezik herriak bere osotasunean harrera nola egin behar duen zehazteko».
Gastu orokorren atalarekin amaitzeko, kultur jardueretarako 150.000 euro aurreikusi dituzte 2025ean zehar. Tartean dira herriko jai nagusiak edo urtean zehar udalak zein bestelako kultur eragileek aurrera eramaten dituzten kultur ekintzak; baita, herriko kultur elkarteei ematen zaizkien diru laguntzak ere.