Harmoniumaren loratzea, Itsason
Itsasoko San Bartolome elizan bada XX. mende hasierako harmonium bat. Zaharberritu ondoren, inaugurazio ekitaldia egingo dute igande honetan. Alberto Saenz organo joleak joko du harmoniuma 12:00etako mezan, Ezkio-Itsasoko Izazpe abesbatzak lagunduta.

Donostiako elizbarrutiko organo eta harmoniumen kontserbazio eta errestauraziorako batzorde teknikoko Oscar Candedo harrituta geratu zen Itsasoko San Bartolome elizako harmoniuma lehenengoz ikusi zuenean, 2020a hasi berritan. Parisko (Frantzia) H. Christophe &Etienne etxekoa da. Henri Christophe mundu mailako harmonium egile garrantzitsuenetako bat izan zen XIX. mendearen lehen erdialdean. Itsasoko harmoniuma zaharberritzeko eskaera egin eta gero, Basque Organ Building-eko Sergio del Campok idatzitako txostenean ageri denez, «instrumentuak duen plaka identifikagarria aintzat hartuta, litekeena da Itsasoko harmoniuma XX. mendearen lehen laurdenean eraikitakoa izatea». Berritu dute dagoeneko Itsasoko harmoniuma eta ospatzeko, inaugurazio ekitaldia egingo dute igandean. Alberto Saenz organo joleak eta Ezkio-Itsasoko Izazpe abesbatzak hartuko dute parte ekitaldian.
Izazpe abesbatzako zuzendari Xabier Barriolak gertutik jarraitu du harmoniumaren zaharberritzea. «Ez zegoen oso egoera txarrean», dio; baina urteen joanak arrastoa utzia zuen bere gain. «Harmoniuma hankekin eragindako hauspoekin jotzen da eta ahalegin handia egin beharra zegoen. Ondorioz, mekanismoa berritu diote arintzeko, mihiak findu soinua hobetzeko eta pipien kontrako tratamendua eman diote egurra mantentzeko», zehaztu du. Zaharberritze lanek 3.717,85 euroko kostua izan dute guztira. Lanak finantzatzeko, «Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza baten zain gaude, esperantza gutxirekin», aitortu du.
Izan ere, gisa honetako tresnen zaharberritzea «gai konplikatua» dela aitortu du Barriolak. Kasu batzuetan zaharberritzeak «oso garestiak» izan daitezkeela dio eta gaur egun ematen zaien erabilera «geroa eta urriagoa» kontutan hartuta, batzuetan ekuazioa ez da errentagarria ateratzen.
Organoen biltoki
Gaur egun, Goierriko eliza askotan daude organoak oraindik, «Espainia mailan dagoen organo kontzentrazio handiena daukagu hemen inguruan», dio Barriolak. Itsasokoaz gain, Ezkio, Ataun, Urretxu, Beasain, Ormaiztegi edo Gabiriakoak azpimarratu ditu, besteren artean. Candedok Ezkioko San Migel elizako organoa ere ikuskatu zuen 2020ko bisita hartan eta balioan jarri zuen hura ere, «organo iberiar bat da, baina Ezkiokoak ez ditu mota horretakoek izan ohi dituzten tuturik. Ziurrenik 36ko gerran kendu zizkioten, beste zerbaitetan erabiltzeko», kontatu du. Tordesillaseko (Valladolid, Espainia) organo aditu bat ere joan zen San Migeleko organoaren balorazioa egin eta zaharberritzea zenbat kostatuko zen baloratzera, baina «momentuz horretan geratu da», dio Barriolak. Gabiriako organoa ere azpimarratu du Barriolak, «nahikoa berezia da, Ataunen dagoenaren antzekoa. Gabiriakoa Ataungoa baino soilagoa da, baina soinuz oso ederra», azaldu du.
Organoak bere urrezko garaiak bizi izan zituela esan daiteke, eta gaur egun gainbeheran dagoen musika tresna bat dela; elizari estuki lotua dago eta konnotazio erlijioso handia dauka. Ondorioz, organo joleen erreleboa ere ez dago guztiz ziurtatuta, «nahiz eta tarteka norbait agertzen den», dio Barriolak.
Merezitako omenaldia
Itsasoarrak harro daude harmoniumarekin eta zaharberritu ondoren, inauguratzeko ekitaldi berezia antolatu dute igande honetarako 12:00etan San Bartolome elizan. Orain lauzpabost urtera arte Ormaiztegiko abesbatzako zuzendaria izan zen Alberto Saenz «puntako» organo joleak joko du harmoniuma, Izazpe abesbatzak lagunduta. Emanaldi berezia izango dela agindu du Barriolak «meza bat kantatuko dugu mezaren barruan». Meza Nagusiko konposizioko «kyrie, gloria, santus, benediktus eta agnus day zatiak abestuko ditugu, bakoitza dagokion mezaren zatian». Itsasoar guztiak daude San Bartolomeko harmoniumari merezitako omenaldia egitera gonbidatuta.
Itsasoko San Bartolome elizako harmoniuma tamaina ertaineko musika instrumentua da. Eskuzko teklatu bakarra du, 61 notarekin eta bost zortziko eta hamabost erregistrorekin. Itsasoko harmoniuma Christophe & Etienne etxeko modelo estandarretako bat da, kalitatezkoa eta organoko ia errepertorio osoa interpretatzeko beharrezkoak diren baliabideak dituena. Itsasoko parrokiak E. Luna hornitzailearen eskutik erosi zuen harmoniuma.
Henri Christophe harmonium egile garrantzitsuenetako bat izan zen XIX. mendearen lehen erdialdean, eta berrikuntza ugari txertatu zizkien garaiko mota honetako musika instrumentuei. Nota grabeen errepikapena nota altuena bezain azkar lortzeko baliabideak asmatzea izan zen horietako bat, baita erresonantzia areagotzea ere, besteren artean.