Sustrai katalanak Zaldibian errotuz
Euskal Herriko Castellerren taldeak tailerra emango du gaur, 18:30ean plazan. Alor teoriko eta praktikoak landu eta bukaeran ‘coca’ banatuko dute.

Zaldibiak ekimen berezi bati egingo dio lekua gaur arratsaldean: Casteller tailerra egingo dute herrian, tradizio katalanari lotutako ekintza ikusgarria. Gizakiz osatutako gaztelua eraikitzea helburu duen mugimendu honek Katalunian sustrai sendoak dituen arren, dagoeneko Euskal Herrian ere erroak hartzen hasi da; iazko ekainean sortu zen Euskal Herriko aurreneko Casteller talde bakarra, eta ordutik hona, taldeak zabaltzeko eta kultura hau bertan ezagutarazteko ekimenak abiatu dituzte. Horren emaitza da Zaldibiako gaurko ekintza.
Euskal Herriko Casteller taldeko kidea da Asier Eraña donostiarra, eta kontatu du, «modu naturalean» jaio zela Zaldibian tailerra egiteko ideia: «Donostiako Casal Catalárekin harremana dut eta haien ekitaldi batean ezagutu nuen Susana, Zaldibiako Etxekonekok elkarteko kidea. Hark proposatu zidan tailerra antolatzea, herrian bizi diren katalanek eta bertako herritarrek Casteller kulturarekin harremana izan zezaten». Segituan elkarlanean jarri eta gaurkoa planifikatzeko aurreneko urratsak egin zituzten.
Lagunartekotasuna oinarri
Tailerra atal desberdinetan banatuko dute, eta parte-hartzaileek Casteller egituraren atal nagusiak ezagutzeko aukera izango dute. Aurrena teoria landuko dute: «Castell bat zer den, nola eraikitzen den eta bere atalak zeintzuk diren landuko dira tailerraren hasieran».
Casteller batek hiru atal nagusi dituela azpimarratu du Erañak: piña edo oinarria, tronc edo enborra eta pom de dalt edo goiko zatia. Dioenez, oinarria ezinbesteko zatia da, pisua banatu eta egitura bera egonkorra izan dadin; enborrean, berriz, bata bestearen gainean igotzen diren kideak daude; eta, gailurrera edo goiko zatira, azkenik, normalean haurrak igotzen dira. Tailerrean alor praktikoari ere ekingo diote: «Aurreikusita dago atal bakoitza banan-banan lantzea, betiere parte hartzaileen profila eta segurtasuna kontuan hartuta».
Eguraldiak eta denborak aukera ematen badute, ziurtatu du Euskal Herriko Castellerren taldeko kideek erakustaldi bat egingo dutela, ikusleek benetako praktikaldia ikus dezaten. Jardunaldia borobiltzeko, parte-hartzaileek kataluniar gastronomiaren zaporea dastatzeko aukera izango dute, Etxekonekok hala erabakita; coca izeneko ogi gozo tradizionala banatuko dute, «giroa goxatu, elkar ezagutu eta komunitatea egiteko».
Parte hartzea sustatu
Helburu nagusia Casteller mugimendua Euskal Herrian zabaltzea da. Izan ere, gehienek ikusmiran izan dute inoiz, baina ez dute praktikatu. Gainera, taldeak herritarren parte-hartzea bultzatu nahi du; gaztelu handiagoak eraikitzeko, beharrezkoa da jende ugari trebatu eta teknika menderatzea. «Edozein adin, gorputz-era edo altueratako pertsonek har dezakete parte, bakoitzak bere lekua eta eginkizuna baitu gazteluaren egituran», berretsi du donostiarrak. Gaineratu du, elkarbizitzaren eta aniztasunaren aldeko «apustua» dela gaurko arratsaldea, «gorputzen arteko orekan eta elkarlan estuan» oinarritutako tradizio baten bitartez sustaturikoa.