Txillidaren 'langileek' jasoko dute aurtengo Olaria saria
Maiatzaren 3ko ezpata dantzaren ekitaldian jasoko dute aitortza. Aurten hamahiru hautagaitza aurkeztu dituzte herritarrek.

Eduardo Txillida eskultorearekin Patrizio Etxeberriaren forjan lan egin zuten herritarrek, jasoko dute aurtengo Olaria saria maiatzaren 3an, Santikutz jaietako ezpata-dantzaren ekitaldian zehar. Legazpiarrek aurkeztutako hamahiru hautagaien artean aukeratu dute langile talde hori sarirako.
Legazpiko Udalak urtero ematen du Olaria saria aurreko urtean zehar edo bere ibilbideagatik nabarmendu den pertsonari edo erakundeari. Herritarrek aurkezten dituzte hautagaiak, eta horretarako propio sortutako epai-mahaiak hautatzen du horien artean bat, eta udalbatzari bidaltzen dio proposamena, horrek azken oniritzia eman dezan.
Aurten hamahiru hautagai aurkeztu dituzte herritarrek: Amaia Urkia kazetaria, Txillidarekin lan egin zuten herritarrak, Juan Mari Burguera artista, Tere Madinabeitia Goierriko Hitza-ko kazetaria, Sorgintxulo aisialdi taldea, L.E.K. Legazpiko erraldoi konpartsa, Santikutz abesbatza, Eneko Gutierrez magoa, Ikatza argazkilari elkartea, Jorge Gil zinemagilea, Maria Redondo aktore eta abeslaria, Judo Legazpi taldea eta Santikutz egoitzako langileak
Epai-mahaia, berriz, Eric Galvez alkateak, EAJko Amaia Aizpurua, PSE-EEko Oscar Valbuenak, EH Bilduko Edurne Gonzalezek, iaz Olaria jaso zuten Javier Iraetak eta Iratzarri elkarteko ordezkariak, eta Lenbur Fundazioko, Uztarri elkarteko eta Goiz Deia txistulari bandako ordezkariek osatu dute. Bozketa egin zuten guztien artean, eta Txillidaren langileak eta Sorgintxulo izan ziren boto gehien jaso zituzten hautagaiak, bost boto eta lau boto, hurrenez hurren. Bigarren bozketa egin ondoren, hautagai garailea Txillidaren langileena izan zen, berriz ere bost botoekin, Sorgintxulok lau jaso zituen bitartean. aisialdi elkartea 4 botorekin.
Bozketaren emaitza udalbatzari jakinarazi zioten, eta horrek, martxoaren 26ko bilkuran onartu zuen proposamena, aho batez.