Iparragirre eraikuntzak, 75 urteko ibilbidea
Lemniskata elkarteak antolatzen duen ‘Made in Goierri’ hitzaldi zikloaren azkeneko saioan Iparragirre Eraikuntzak enpresaren 75 urteko ibilbideari errepasoa egingo diote gaur, Igartzako jauregian.

Gutxi dira 75 urtera iristen diren familia-enpresak, eta horietako bat da Iparragirre Eraikuntzak, bere egoitza Idiazabalen duena. Patxi Albisu zuzendari nagusiak enpresa honek urte hauetan izan duen bilakaeraz hitz egingo du Lemniskata elkarteak antolatutako Made in Goierri hitzaldi zikloaren azken saioan. Gaur arratsaldean izango da, Beasaingo Igartzako jauregian, 19:00etan hasita.
Iparragirreren sorrera 1950ean gertatu zen, Idiazabalen, Maugia baserriko Jose Mari Iparragirrek eta Beheko Kalbarioko Pedro Aseginolazak bultzatuta. Garai gogorra zen: 36ko Gerraren ondorengo urteak, baliabide urriak, baina beharra handia zen.
Urte hauetan guztietan, «1.200 proiektutik gora» osatu dituztela kontatu du Pedro Iparragirrek, sortzaileetako baten seme eta enpresaren gidaritza 1974. urtean hartu zuenak. Batik bat, negozio-lerroa izan dute «industria, obra zibila, zaharberritzea eta obra publikoa».
Iparragirrek berak gogoratu duen moduan, 1950eko hamarkadako Goierri ez zen oraindik gaur ezagutzen dugun industria-eskualdea. Hala ere, industriarako lehen haziak ereiten hasi ziren garai horretan, eta Iparragirre enpresak «erabat zuzenean» parte hartu zuen hazkunde horretan. Indar eta Ampo bezalako enpresen lehen pabiloiak egin zituen Iparragirrek.

Udaletxe zaharraren arkupearen eraikuntza.
Iparragirreren hasierako jarduna ez zen pribatura mugatu. Urte gutxiren buruan, Idiazabalgo lehen obra publikoetako batzuk ere bere gain hartu zituen. «Udaletxea eta osasun etxea egin genituen», azaldu du enpresako buruak.
Beste adibide esanguratsu bat izan zen Ihurreko lehen gasolindegiaren eraikuntza, hau ere, Iparragirrek egindakoa. «Garai hartan, autoen presentzia eta kamioien mugikortasuna hasi berriak ziren, eta horrelako azpiegiturak garrantzi estrategikoa hartzen hasi ziren».
Idiazabalgo bilakaera urbanistikoan ere eragin zuten. 1950eko eta 1960ko hamarkadetan hasi zen indartzen. «Baserritik kalerako trantsizioa eman zen, eta jendeak etxebizitza duinak behar zituen», kontatu du enpresako nagusiak. Hori errazteko, hainbat auzo berri sortu ziren: Zigor eta Bikuña auzoak, esaterako.
Krisia eta aldaketak
1970eko hamarkada aldaketa sakonen garaia izan zen bai mundu mailako ekonomian, bai eraikuntza sektorean, eta baita Iparragirreren historian ere. «Petrolioaren krisiak, inflazioaren gorakadak eta finantzaketa zailtasunek sektorea astindu zuten. Eta, horren ondorioz, Iparragirreren jarduera nagusietakoa —etxebizitza eraikuntza— geldialdian sartu zen».
Testuinguru horretan, 1974an, Pedro Iparragirre sartu zen enpresan lanean: «18 urte besterik ez nituen, aitak osasun arazoak zituen eta enpresak norabide berria behar zuela ikusita hasi nintzen», gogoratu ditu garai haiek.
Bere lehen obra ez du sekula ahaztuko. «Zubimendiko bidea zabaltzea egokitu zitzaidan, eta ordutik aurrera, pixkanaka-pixkanaka, ardura gero eta handiagoak hartu nituen».
«18 urte besterik ez nituen, aitak osasun arazoak zituen eta enpresak norabide berria behar zuela ikusita hasi nintzen»
Pedro Iparragirre. Iparragirre Eraikuntzak-eko burua
Krisi bete-betean Iparragirreren estrategia «biziraupena lehenestea eta etorkizuneko hazkunderako oinarriak ez galtzea» izan ziren. «Baita, langileen egonkortasuna ahal den heinean mantentzea ere».
Ondorengo urteetan, sektorea «egonkortzen eta berrantolatzen» hasi zen, eta pixkanaka, urte oparoak iritsi ziren, 2008. urtea iritsi zen arte. «Krisi ekonomikoak kolpe bortitza ekarri zuen, eta gurean ere gogorki nabaritu genuen», gogoratu ditu urte latzak.
Enpresa askok jarduera utzi zuten garai horretan, baina Iparragirrek eutsi egin zion, eta obra garrantzitsuak lortu zituen. Barandiaran museoa, Aramako udaletxea eta Lazkaoko bariantea urte horietakoak dira.
2013tik gaur arteko aldia Iparragirreren historian «fase erabakigarria» izaten ari dela kontatu du enpresa-buruak. Eraldaketa digitala izan da, non lan moldeak berritu eta egokitu behar izan dituzten.