Lareo sareko urak "edangarritasuna galdu" du
Osasun Sailak jakinarazi dio Ataungo Udalari, eta eskatu dio herritarrei "iturriko ura har ez dezaten" gomendatzeko. Gaur atzo baino garbiago egon arren, oraindik indizea handiegia da edateko.

Osasun Sailak Ataungo Udalari ohar baten bidez jakinarazi dio Ataungo ura ez dela edangarria. Lareo sareko urak “bere edangarritasuna galdu duela” azaldu zion sailak udalari atzo, eta eskatu zion herritarrei gomendatzeko iturriko ura ez hartzea. “Zaharren egoitza, aterpetxe, eskola, haurtzaindegi eta abar guztiei abisatu beharko zaie, kontsumorako ontziratutako ura zerbitza dezaten”.
Udalak herritarren artean zabaldu zuen mezua, eta udalak zabaldutako beste ohar baten arabera, “mezuaren ondoren, hainbat herritarrek idatzi edo deitu” egin zuten “kezka eta haserrea adierazteko”. Oharrean diotenez, “aspaldiko eskaria da Ataunen ura tratatzeko instalazio bat eraikitzea”, baina oraindik eraiki gabe dago “eta araztu gabeko ura edaten jarraitzen” dute ataundarrek. “Hortaz, egunotan gertatu dena ez da kontu berria. Euri-erauntsi handi samarrak izaten diren bakoitzean ura uhertuta iritsi izan da gure etxeetara azken hamarkadetan. 2023ko urtarrilean lege berri bat sartu zen indarrean, uraren uhertasun indizea murrizten zuena, eta harrezkero ura edangarria den edo ez indize horren arabera erabakitzen da”.
2024ko otsaileko bilera
2019ko uztailetik hainbat bilera egin ditu udalak Gipuzkoako Ur Kontsorzioarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Obra Hidraulikoetako Departamentuarekin, “gai hau behingoz konponbidean jar zezaten eskatzeko”. Lege berria indarrean sartu zenean, Ataungo Udala bera jarri zen Osasun Sailarekin harremanetan, “haiek ere kargu har diezaieten bi erakunde horiei”, udalarentzat “lehentasunik eta premiarik handienetako gaia” delako.
2024ko otsailaren 1ean lortu zuten bilera batean elkartzea Obra Hidrauliekoetako Departamentuko ordezkariak, Ur Kontsorzioko ordezkariak eta Ataungo udal ordezkariak, eta egoera desblokeatzeko eramandako proposamena onartu zuten: “Proiektu handia denez, faseetan zatitzea, lehenengo fasean ura tratatzeko leku bat eraikitzea Ataunen, eta lan horiei berehala ekitea. Geroztik, Ur Kontsortzioak aurrekontuetan partida bat izendatuta dauka, zundaketak egin ditu Aia auzoan, Juanane baserriaren inguruetan, era honetako eraikin batek behar dituen baldintzak gune horretan omen daude eta. Zundaketen emaitzak jasotzeko zain gaude, eta emaitzak onak badira, leku horretan bertan eraikiko da tratalekua. Bestela, berriz, zundaketa gehiago beharko dituzte inguru hartan”.
Bitartean, euri-erauntsiak izaten direnean “uraren koloreari begira ibili beharko” dute: “Eta horrelakoetan, badaezpada, etxeko iturriko urik ez edatea izango dugu onena”.
Gaur, atzo baino hobeto
Atzo zabaldu zuten edangarritasuna galdu zuenaren mezua, baina gaur, Ur Kontsorzioak jakinarazi dio udalari “atzo baino garbiago” dagoela gaur. Halere, oraindik uhertasun indizea legeak eratzen duena baino handiagoa da, eta horregatik, “ez da komeni edatea”. Bere onera bueltatzen denean jakinaraziko dute.