Olaberriko egia jendarteratuta
Olaberrian eta olaberritarrei 1936-1945 artean gertatutakoak azaleratzeko eta memoria historikoa oroitzeko, Maria Laespada idazleak (Markina-Xemein, 2000), eta Mikel Balerdi (Olaberria, 2003) zein Deñe Garcia-Bravo dokumental zuzendariek (Azpeitia, 2003) egindako lanak aurkeztuko dituzte igandean kultur areto berrian.

Bi urte luzetan ondutako Olaberria 1936-1945 liburua kaleratuko du igandean Aranzadi Zientzia elkarteko historialari Maria Laespadak; 36ko gerran eta frankismoaren hasieran olaberritarrei gertaturikoak kontatzen ditu. Aurreneko kapitulua, baina, bigarren errepublikaren ingurukoa da, «gerraren aurrekariak ezagutzeko eta irakurlea kontakizunean kokatzeko». Ondorengo kapituluetan estatu kolpea eman zenetik tropa frankistak Olaberrira sartu ziren artekoak narratzen ditu: giza eskubideen urraketak, erbesteratutako herritarrak, gerrara joandakoak, hildakoak… eta ostean, «tarte luzea» eskaintzen dio urte haietan emandako errepresioari, hala nola errepresio ekonomikoari, emakumeen aurkakoari, epaiz kanpo fusilatutakoei egindakoari… Testigantzei ere tartea egin diela azalerazi du: «Biografia motzen bitartez ahalegindu naiz herritarrei eta herriari gertatutakoa azaltzen».
Bide beretik eraiki dute dokumentalaren oinarrian dagoen kontakizuna Mikel Balerdi eta Deñe Garcia-Bravok; testigantzak baliatu dituzte, nahiz eta kontakizuna, bere horretan, Martzelo Lasa eta Jesus Bujanda olaberritarren istorioan oinarritu duten. Zortzi hilabetetan ondutako lana izan dela adierazi du Balerdik, eta gai desberdinak jorratu dituzte: «Emakumearen rolari zein elizak garai haietan herritarrekin izandako jarrerari ere erreferentzia egin nahi izan diogu». Azpeitiarrak kontatu duenez, Olargi taldeko kideek ahalbidetutako elkarrizketak ikusitakoan erabaki zuten testigantzen bitartez istorioa kontatzea: «Orduan erabaki genuen perspektiba horretatik eta bizipen horietatik kontatu behar genuela istorioa. Informazio guztia ordenatu eta azalera ekarri dugun gazteak izan gara, baina istorioa beraiena da».
Ariketa kolektibo indartsua
Lan prozesu horretatik ateratako irakaspen nagusiena «oroimenaren garrantzia» izan dela azpimarratu dute hirurek, «egungo testuingurua ulertzeko ezinbestekoa baita jakitea nondik gatozen eta zer gertatu zen». Laespadak dio maiz hitz egiten dela iraganeko zauriak berriro irekitzearen inguruan, baina haren ustetan, «zaila da inoiz itxi ez den zabaldutako zauri bat berriro irekitzea». Memoriak, eta kasu honetan liburuak, dokumentalak eta igandeko ekitaldiak «ariketa kolektibo indartsu baten papera» betetzen dutela ziurtatu dute.
«Biografia motzen bitartez ahalegindu naiz herritarrei eta herriari gertatutakoa azaltzen»
Maria Laespada. Aranzadiko historialaria
300 pertsonak erosi dute igandeko ekitaldirako sarrera, eta hirurentzat «oso ekimen berezia» izango dela onartu dute. Dokumentalaren egileek nabarmendu dute «aukera handia» izan dela haientzako proiektu honetan parte hartzea, eta ekoizpen prozesuan «lan handia» egin badute ere, emaitza igandeko ekimenaren forma gisan jasotzea «baloratzeko modukoa» dela iruditzen zaie. Bizkaitarrarentzat ere, «ohorea» izango da bi urtez egindako lanaren harrera «hain jendetsua eta positiboa» izatea: «Oso potentea iruditzen zait oroimenaren inguruan pendiente dagoen irakasgai hau ikusteko eta irakurtzeko horrenbeste jende elkartzea».
Gainera, olaberritarrak esan du Euskal Herrian maiz jotzen dela «gertakariak isiltzera», eta horren «kontra» egitea beharrezkoa dela: «Gertatutakoen eta norbere bizipenen inguruan hitz egitea ezinbestekoa da, alegia, objektiboki egia kontatu eta ikusaraztea».
Transmisioaren beharra
Hirurek bat egin dute egungo gazteek gai hauekiko duten sentsibilizazio murritzaren inguruan emandako arrazoiekin. Iruditzen zaie, hezkuntzak, besteak beste, «funtsezko eginkizuna» betetzen duela horretan, baina «familietako transmisioaren beharrezkotasuna» ere azpimarratu dute. «Halako gertaerak etxean pairatu dituenak segur aski izango du horren berri, baina inguruan izan ez duenak ez horrenbeste», ziurtatu du Balerdik.
«Halako gertaerak etxean pairatu dituenak segur aski izango du horren berri, baina inguruan izan ez duenak ez horrenbeste»
Mikel Balerdi. Dokumentalaren egilea
Horrez gain, gehitu beharreko beste elementu bat jarri du mahai gainean Laespadak: gai hauen inguruan dagoen beldurra eta isiltasuna. Haren ustetan, urte luzeetan gizartean nagusitu den isiltasunak eragotzi du memoria historikoa transmititzea; «aitona-amonek euren bizipenak bilobei kontatzeko gai izan ez badira, zaila izan daiteke gazteek kaleetan edo bestelako guneetan horri buruzko informazioa jasotzea», berretsi du.
«Franco diktadorea hil zenetik 50 urte beteko dira aurten, eta orain argitaratzen ari gara liburu hau. Kontatzen diren gertakariak, baina, ia mende bat lehenagokoak dira. Horrek erakusten du isiltasuna ez dela soilik familiartekoa izan, baita instituzionala ere. Espazio publikoan eta hezkuntza sisteman ez da aukera handirik egon gai hau lantzeko, eta horrek ekarri du belaunaldi gazte askok ez ezagutzea iraganeko gertaerak», gaineratu du.