Osasun sailak dio «edangarria» dela berriz ere Ataungo ura
Astelehen arratsaldean zabaldu zuen udalak jakinarazpena.

Osasun Sailak Ataungo Udalari astelehen arratsaldean adierazi zion ur-laginak analizatu ondoren lortu zutela berriz ere «edangarria» izateko kalifikazioa. Ostegunetik zeramaten ataundarrek iturriko ura ez kontsumitzeko gomendioarekin, izan ere, euri handi samarrak izaten diren bakoitzean ura uhertuta iristen da ataundarren etxeetara, ura edan ahal izateko uhertasun indize altuegiarekin. Orain, baina, indize aproposa lortu eta kalitatea hobetuta, bertan behera utzi dituzte ostegunean ezarritako arauak; joan den ostegunean argitaratutako bandoa, esaterako.
2024ko otsaileko bilera
2019ko uztailetik hainbat bilera egin ditu udalak Gipuzkoako Ur Kontsorzioarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Obra Hidraulikoetako Departamentuarekin, «gai hau behingoz konponbidean jar zezaten eskatzeko». Lege berria indarrean sartu zenean, Ataungo Udala bera jarri zen Osasun Sailarekin harremanetan, «haiek ere kargu har diezaieten bi erakunde horiei», udalarentzat «lehentasunik eta premiarik handienetako gaia» delako.
2024ko otsailaren 1ean lortu zuten bilera batean elkartzea Obra Hidrauliekoetako Departamentuko ordezkariak, Ur Kontsorzioko ordezkariak eta Ataungo udal ordezkariak, eta egoera desblokeatzeko eramandako proposamena onartu zuten: «Proiektu handia denez, faseetan zatitzea, lehenengo fasean ura tratatzeko leku bat eraikitzea Ataunen, eta lan horiei berehala ekitea. Geroztik, Ur Kontsortzioak aurrekontuetan partida bat izendatuta dauka, zundaketak egin ditu Aia auzoan, Juanane baserriaren inguruetan, era honetako eraikin batek behar dituen baldintzak gune horretan omen daude eta. Zundaketen emaitzak jasotzeko zain gaude, eta emaitzak onak badira, leku horretan bertan eraikiko da tratalekua. Bestela, berriz, zundaketa gehiago beharko dituzte inguru hartan».
Bitartean, euri-erauntsiak izaten direnean «uraren koloreari begira ibili beharko» dute: «Eta horrelakoetan, badaezpada, etxeko iturriko urik ez edatea izango dugu onena».