Beasain Euskal Herriko Itzulia hartzeko prest
Itzuliaren 3. eta 4. etapak Beasainen bukatu eta hasiko dira. Mandubitik iritsiko da Itzulia Goierrira, eta Udanatik agurtuko da. Trafiko mozketei eta aparkalekuei buruzko informazioa, albistean.

Euskal Herriko Itzulia, ofizialki Itzulia Basque Country izenekoa, apirilaren 7tik 12ra bitartean jokatuko da. Lehiaketa, iaz bezala, banakako erlojupeko batekin hasiko da. Oraingoan, Gasteizen, Fernando Buesa pabilioitik. Probak Nafarroarantz jarraituko du, Iruñea eta Lodosa herrien artean esprinterrentzat irekita egongo den jardunaldi batean, eta ondorengo egunetan euskal lurraldean jarraituko du, maila desberdinetako mendietan lau etaparekin. Tropelak Zarautz, Beasain, Markina-Xemein, Urduña, Gernika eta Eibar bisitatuko ditu, besteak beste.
Martxoaren 26an egin zuten Euskal Herriko Itzuliaren aurkezpen ofiziala, Gasteizen. Aurrez baina, jakinaz zen ibilbidearen nondik norakoa. Euskal Herriko Itzuliaren antolatzaileek otsailaren 13an jakinarazi zuten 64. edizioaren ibilbide ofiziala. GOIERRIKO HITZAk aurreratu bezala, Beasainek 2025eko Itzuliaren etapa bukaera bat eta hurrengoaren hasiera hartuko ditu apirilaren 9an eta 10ean. 2013an hartu zuen azkenekoz Itzuliaren etapa bat Beasainek.
Zarautz eta Beasain lotuko dituen etapa hirugarrena izango da, eta 156 kilometro izango ditu. Apirilaren 9ko hori, Itzuliko etapa erregina izango da, apirilaren 12an Eibar eta Eibar artean jokatuko den seigarren eta azken etaparekin batera. Apirilaren 10ean Beasain eta Markina-Xemein artean jokatuko da.
Gauzak horrela, Goierri, eta bereziki Beasain, hitzordu garrantzitsu horretarako prestatzen ari da. «Hitzordu honek, herriak kirolarekin eta txirrindularitzaren sustapenarekin duen konpromisoa indartzen du. Gainera, Beasain nazioarteko txirrindularitzaren begirada guztien erdigunean jartzen du», adierazi zuen Beasaingo udaletxean egindako aurkezpenean Leire Artola alkateak. Berarekin batera, Elena Ruiz kirol zinegotzia, Javier Riaño Oceta antolakuntzako presidentea, Aitor Escalante udaltzainburua eta Loinaz Txirrindulari Elkarteko Patxi Iturrioz eta Victor Martinez izan ziren ekitaldi honen xehetasunak ematen.
«Beasainentzat, bi etapa hauek hartzea benetako ohorea da. Txirrindularitza gure nortasunaren parte da, eta gure herriak historikoki erakutsi du kirol honekiko duen grina. Gainera, aukera paregabea izango da gure bizilagunek eta bisitariek maila goreneko lehiaketaz gozatzeko. Itzuliak Beasain nazioarteko txirrindularitzaren mapan jartzeaz gain, eragin positiboa du bertako ekonomia eta turismoan», nabarmendu zuen herriko alkateak.
«Beasain nazioarteko txirrindularitzaren begirada guztien erdigunean jartzen du Itzuliak»
Leire Artola. Beasaingo alkatea.
Javier Riañok, proba antolatzen duen OCETAko presidenteak, Beasainek lehiaketan duen balio estrategikoa azpimarratu zuen: «Beasain giltzarri da Itzuliaren historian, eta asko pozten gaitu hona itzultzeak. Zaletuek eta herriak txirrindularitzarekin duen konpromisoak eszenatoki ezin hobea egiten dute». Lehia «irekia» egongo dela ere gaineratu zuen eta Beasaingo helmugan faboritoen artean ikusten du «Jon Izagirre» txirrindulari ormaiztegiarra.
«Zaletuek eta herriak txirrindularitzarekin duen konpromisoak eszenatoki ezin hobea egiten dute»
Javier Riaño. Ocetako presidentea.
Bestalde, Victor Martinezek eta Patxi Iturriozek, Loinaz Txirrindulari Elkartearen izenean, parte hartu duten guztien ahalegina nabarmendu nahi izan zuten: «Honelako ekitaldiak ez lirateke posible izango hainbeste pertsona eta erakunderen laguntzarik gabe. Gure elkartetik, hamarkadak daramatzagu Beasainen txirrindularitza sustatzen, eta harro gaude kirolaren festa handi honen parte izateaz». Bide batez, lasterketaren antolakuntzako lanekin laguntzeko boluntarioak eskatzeko baliatu dute agerraldia.
Etapa erregina
Itzuliaren 3. etapan, zazpi mendate igo beharko dituzte. Etapa erregina izan liteke, 6. etaparekin batera. Riañok berak deskribatu zuen moduan «oso jardunaldi gogorra izango da, mugimendu handikoa». Ibilbidea ez da oso luzea, baina 7 mendate ditu, etengabeko igoera eta jaitsierekin. Ez dira mendate bereziki latzak, horietako bost 3. kategoriakoak baitira, baina, azken kilometroetarako, astun egingo dira txirrindularien zangoetan ziur.
Etapak 156,30 kilometro izango ditu, eta 87 kilometroan Goierrin sartuko da Mandubiatik. Beasainen esprint berezi bat jokatu ondoren, Zaldibia aldera joko dute, eta profilak iradokitzen duenez, Zaldibia eta Gaintza artean dagoen baserri bidetik igoko dira txirrindulariak Gaintzara (%20ko pendiza). Itzulia Ordizian hasi eta bukatu zenean –Alberto Contadorrek irabazi zuen etapa hura–, eta Ordiziako Klasikoaren bi edizioetan igo zen igoera berbera da.
Larraitz aldera egingo dute gero, eta Abaltzisketa eta Amezketa igaro ondoren, Alegian izango da bigarren esprint berezia. Ikaztegieta, Legorreta, Itsasondo, Arama eta Ordizia zeharkatuta, Zaldibiarantz joko dute berriz, eta herri horretatik igoko dira Lazkaomendira (%18ko pendiza). 2009an igo zuen azkenekoz aldapa piko hori, Ataun eta Ataun arteko etapan. Lazkaoko biribilgunera jaitsi, eta Beasainen izango da helmuga.
Beasaindik abiatuko den laugarren etapak, Zumarraga aldera egingo du, Legazpira gero, eta Udanatik Debagoienan sartuko da. Zazpi mendate ditu etapa honek ere, eta bi esprint berezi.
Apirilaren 9an, hirugarren etaparen amaiera Beasainen izango da, Nafarroa Etorbidean. 15:15ak eta 18:00ak artean herrigunean trafikoa etetea eragingo du. Hurrengo egunean, apirilaren 10ean, laugarren etapa Beasaindik abiatuko da, 12:15ak eta 13:30ak artean zirkulazioa moztuz.
Gainera, aparkaleku batzuk lasterketaren logistikarako erreserbatuta egongo dira apirilaren 8tik: Bernedoenea, Gernika Pasealekua (pergolak) eta Erauskin Plaza barne.
Egun horietan, ibilgailua ahalik eta gutxien erabiltzeko gomendioa egin du Beasaingo udaltzainburuak.
Era berean, herritarren lankidetza eskatu du Udalak, ekitaldiak eragingo dituen eragozpenak gutxitzeko. Hala, garaje pribatuak erabiltzea eta joan-etorriak aldez aurretik planifikatzea gomendatu du.